AURREZKI KUTXAK. BIRMOLDAKETA. Egoera arras aldatu da

Ivan Santamaria.
2010eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ahaztu aurreko saioak. Euskal kutxak inoiz bateratzen badira, ez da izango orain arte lurralde orekaren izenean iradokitzen ziren egituren bidez izango. Guztia aldatu da. Kutxak ez dira lehen zirenak, eta sektorea ere goitik behera aldatzeko zorian dago.

BBK-k atzo eman zuen pausoak hankaz gora jarri du Kutxarekin eta Vitalekin zuen indar harremana. Egia da ez zela inoiz izan parekoen arteko negoziazio bat, baina Xabier Iralak, Carlos Etxeparek eta Gregorio Rojok prestatu zuten lehen bateratze proiektuak ondo gainditzen zituen lurraldetasunari zegozkion mesfidantzak.

Orain Bizkaiko Aurrezki Kutxa 50.000 milioi euroren aktiboak dituen erakunde handi bat da. CajaSurri esker, gainera, indar handiz sartuko da falta zitzaion Espainiako merkatu handienetako batean, Andaluzian. BBK-k eskura zuen horrelako operazio bat lideratzea. Vitalek eta Kutxak, ordea, beste batzuen konpartsa izateko aukera baino ez zuten.

Indarturik atera da BBK prozesutik, baina tamaina horrek Kutxarekin eta Vitalekin bateratzeko prozesua baldintzatzen du. Eskuzabaltasunez jokatu beharko luke. Bistan da ezinezkoa izango dela botere banaketa parekidea egin, baina komeniko litzateke gizarte ekintza eta inbertsioak lurralde bakoitzean egindako negozio kuotaren araberakoak izatea, eta erabakiak tokiko eragileen eskuetan uztea, esaterako.

Vitalek eta Kutxak alternatiba gutxi izango dituzte, benetako arazoa ez baita BBK handiagoa denik, sektorea arras aldatuko dela baizik. Basilea III ate-joka dago, eta horrek finantza baliabide handiagoak eskatuko dizkie sektoreko erakunde guztiei. Diru hori merkatuan bildu ahal izateko, pribatizazio partzialaren tresna eskura jarriko die Espainiako Kongresuak heldu den astean onartuko duen lege erreformak.

Kaudimen eta kudeaketa ona izan dute, oro har, Kutxak eta Vitalek, baina etorkizunak eragile handiagoak exijituko ditu. Posible lukete finantzaketa lortzeko asmoz parte-hartze kuotak jaulkitzea euren kabuz, baina ez dirudi sortu den merkatu berriko erakargarrienak direnik. Pribatizazioaren atea irekitzeak, gainera, aurrez neurtezinak diren ondorioak lituzke bi kutxek euren sorterriekin duten loturarentzat.

BBKrekin edo BBK gabe, Kutxa eta Vital hartu duten norabidea zein den aurki argitzera behartzen ditu egoera berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.