Aurten ere enplegua galduko dela iragarri du orain Jaurlaritzak

Aurrekontuak prestatzeko erabili ziren hazkunde aurreikuspenak erdira jaitsi ditu Lopezen gobernuak, onartu eta hilabeteraLehendakariak errenta zergari ezarri nahi dion gainsariari bizkarra eman dio PPk

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ekonomiaren gainbehera bizkorrak estututa, aurtengo urterako hazkunde aurreikuspena erdira jaistea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hazkunde eskas horrek ezinezko egingo du enplegua sortzea eta langabezia jaistea, gobernuko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egoerari buruz egindako azken azterketaren arabera. Administrazio publikoen aurrekontuen oreka ere zalantzan jarriko du, kontuak egiteko erabili ziren irizpide makroekonomikoak zaharkituta geratu direlako urtea hasi bezain pronto.

Zerumugan hodei beltzak zeudela ohartarazi zuen bezperan Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, eta argudioa berretsi zuen atzo argitaratu zuten aurreikuspen taula berriak. Aurten barne produktu gordina %0,7 igoko da; orain arte %1,4 igotzea espero zuten. Joan den urtean ere %0,7 izan zen igoera.

Datu berriei buruz bi interpretazio egin litezke. Baikorrenaren arabera, ekonomiak behera egingo duen arren ez du orain dela hiru urte beste egingo. Urteko bigarren hiruhilekotik aurrera hazkundea apur bat indartzeko itxaropena badu Jaurlaritzak, gainera. Ikuspuntu ezkor batetik, ordea, bistan da susperraldi adierazgarri baterako aukerak galdu direla, eta beste urte galdu bat izateko itxura guztia du 2012ak euskal ekonomiarentzat, laugarrena jarraian.

Uneotan atzeraldiaren mugan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Ekonomia zuzendaritzaren txostenak ez ditu hiruhilekoen arteko alderaketak aipatzen, baina iazko azken txanpan BPGa %0,4 inguru jaitsi zela jakinarazi zuen Agirrek, eta aurtengo lehen hiruhilekoan atzeraldian sartzea edo ez «hamarren edo ehuneko batzuen kontua» izango dela aitortu zuen. Idoia Mendia gobernuko bozeramaileak egun bat lehenago atzeraldi arrisku oro baztertu zuen.

3.800 enplegu gutxiago

Enpleguan eragin zuzena izango du gainbeherak. Orain arte aurtengo urtean enplegu sorrera arin bat izango zela espero zuen gobernuak: hain zuzen ere, 2.900 lanpostu. Azken aurreikuspenetan buelta eman diote kalkuluari, eta 3.800 lanpostu inguru galduko direla uste du orain. Langabezia tasak gora egingo du lehen urte erdian, baina udatik aurrera hamarren batzuk jaitsiko da. Edonola ere, tasak %10etik gora jarraituko du urte osoan.

Gastu publikoaren murrizketek eraginda, kontsumo publikoaere jaisten segituko du, eta kontsumo pribatuaren hazkundea ez da %1era iritsiko. Sektoreka, industriaren eta zerbitzuen igoerari eraikuntzaren beherakada kontrajarriko zaio (%4,2). 2007ko azken hiruhilekotik, eraikuntzak ez du inolako hazkunde positiborik izan.

PPk ez du gainsaria onartuko

Hazkunde aurreikuspenean izan den aldaketa handiak berriro ere hankaz gora jarri ditu aurrekontuak egiterakoan erabili ziren irizpideak. Abenduaren 23an eman zien Eusko Legebiltzarrak azken oniritzia aurtengo Jaurlaritzaren kontuei. Hogei egun geroago oinarri horiek erabat gaindituta geratu dira.

Gainbehera ekonomikoak Lopezen exekutiboari sortu dion kezkak azalduko luke diru sarrerak handitzeko sortu zaion premia. Espainian PPk errenta zergan egin duen igoeratik tiraka, aldundiei zerga horren presio fiskala igotzeko eskatu die Lopez lehendakariak. Aldundien ezezkoa ikusita, zeharbide bat ere bururatu zaio: PFEZean zergapekoei gainsari bat ezartzea.

Hasiera batean, aldundiei izkin egiteko jokaldia legezkoa litzateke, baina gainsaria indarrean jartzeko, Eusko Legebiltzarrean ez duen gehiengoa beharko luke, eta atzo atea danbateko batekin itxi zion bere bazkide politiko nagusiak. Neurria ez dela aurrera aterako argi utzi zuen Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, «ez delako beharrezkoa».

Kontu publikoen ahulezia nabarmendu zuen atzo Moody's rating agentziak. Jaurlaritza, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundieketa Bizkaiko garraio partzuergoak duten zorrari kalifikazioa jaisteko aukera zabaldu zuen. Lau erakundeek, oraingoz, Aa3 kalifikazio erosoari eusten diote.

Moody'sen oharra baliatu zuen EAJko Andoni Ortuzarrek Lopezeta Agirre kritikatzeko. «Ez nau harritzen, euskal erakundeei buruz gaizki hitz egin eta finantza gaitasuna auzitan jartzen duten lehenak gobernuan ekonomia zuzentzen dutenak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.