Aurten hazkuntza etsigarria izango dela onartu du Bruselak

Ekonomia hobetzeko bidean dagoela eta datorren urtean euroaren eremuan hazkuntza %1,8ra helduko dela iragarri du Pedro Solbesek; langabeziak, ordea, okerrera egingo du eta defizita ez da asko jaitsiko

Iker Aranburu.
2003ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hainbatetan iragarritako ekonomiaren bizkortzea datorren urteko bigarren erdirako utzi du orain Europako Batzordeak. «Errealitatea espero genuena baino okerragoa izan da», onartu zuen Pedro Solbes Ekonomia komisarioak, udazkenero Bruselak zabaltzen duen aurreikuspen ekonomikoen berri ematen ari zela. Irakeko gerrari eta burtsaren beherakadari egotzi zien Solbesek emaitza kaskarrak. Batzordeak dioenez, eurogunearen Barne Produktu Gordina (BPG) %0,4 baizik ez da haziko aurten udaberrian %1 esan zuen eta %1,8 hurrengoan.

-HAZKUNTZA: Aurten, «hirugarren urtez jarraian hazkuntza etsigarria» izango dela onartu du Bruselak: %0,4 eurogunean. Europako Batasunean, berriz, %0,8 haziko da, Erresuma Batuko ekonomiaren datu txukunari esker (%2,0). Hala ere, «politika ekonomiko egokiei, inflazioaren jaitsierari, egiturazko erreformei eta ziurgabetasun geopolitikoaren gutxitzeari esker», nazioarteko giroa eta konfiantza hobetzen ari direla azpimarratu du. Gauzak horrela, 2003aren bigarren erdian antzemandako hobetzeak jarraitu egingo du datorren urtean: BPG %1,8 haziko da euroaren eremuan eta %2 EBn; 2005ean, berriz, %2,5 hamabost herrialdeetan. Interes tasa txikiak lagunduta, kontsumo pribatuaren goratzeak bultzatuko du ekonomia.

-HERRIALDEKA. Herrialdez herrialde, ostera, tarte handiak izango dira. Bruselaren aurreikuspenen arabera Grezia (%4,2), Irlanda (%3,7), Espainia (%2,9) eta Erresuma Batua (%2,8) haziko dira gehien. Gutxien, berriz, Herbehereak (%0,6), Portugal (%1), Belgika eta Italia (%1,5). Alemania, aspaldiko partez, hazkuntza dotorea izango du (%1,6).

-LANGABEZIA: Europako Batasuneko ekonomiak jasan duen motelaldiak azkenean eragina izango du lan merkatuan. 2003an 200.000 enplegu galduko dira eta eurogunean langabezia tasa %8,9ra igoko da. 2004ean gauzek okerrera egingo dute, %9,1eko langabezia espero baitu Bruselak. Gehien hazten ari den herrialdeen artean egon arren, Espainiak eutsiko dio tasa altuenari, %10,9ari hain zuzen ere.

-INFLAZIOA: Ekonomiaren pattalaldia ez da nahikoa izan prezioen igoera moderatzeko. Inflazioa %2,3 izan zen 2002an eta %2,1aren bueltan ibiliko da aurten. Bruselak uste du petrolioaren garestitzeak, udako lehorteak eta zeharkako zergen handitzeak izan dutela errua. Nolanahi ere, beheranzko joera aurreikusi du: %2 hurrengo urtean eta %1,7 2005ean.

-DEFIZIT PUBLIKOA: Batzordearen atsekaberako, EBko herrialdeak ez dira gai izan kontu publikoak orekatzeko. Eurogunean, defizita %2,2tik %2,8ra igoko da aurten, eta apur bat besterik ez da murriztuko 2004ean (%2,7). Egonkortasun Itunak finkatutako BPGren %3ko muga gainditu dute Alemaniak, Frantziak eta Portugalek, eta oso hurbil izango dute Italiak, Erresuma Batuak eta Herbehereek. Beste muturrean, Bruselaren txaloak merezi dituzte Belgikak, Danimarkak, Espainiak, Finlandiak eta Suediak, superabita izango baitute kontu publikoetan. Solbesek baztertu egin zuen Egonkortasun Ituna aldatzea.

-HERRIALDE HAUTAGAIAK: Ekonomia aberatsenen motelaldiak ez du eragin handirik izan datorren maiatzean EBn sartuko diren herrialdeen artean. Haatik, 2003 urte ona izan da haientzat: BPG %3,1 haziko da %2,3 iaz, nahiz eta herrialdez herrialde ere tarte handiak dauden: Malta %0,8 besterik ez da haziko da turismoaren jaitsi delako eta Lituania %6,6 inbertsioak erakartzen ari delako. EBn sartzeak mesede egingo diela iragarri du Bruselak: hurrengo urteotan BPG %3,8 eta %4,2 haziko da. Nolanahi ere, langabeziak oso altua izango da (%15,2 2004ean) eta defizit publikoa %5aren bueltan geratuko da. Beste herrialde hautagaiak Errumania, Bulgaria eta Turkia%5 inguru haziko dira.

-ETXEBIZITZEN BURBUILA: Batzordeak Espainia, Irlanda eta Grezia ohartarazi ditu, azken urteotako etxebizitzen prezioen gorakada handiaren ondoren «etxebizitzen burbuila lehertu» eta prezioak amildu daitezkeelako. Arriskua «txikia» dela aipatu du Bruselak, baina gertatuko balitz, familien kontsumoan eragin oso kaltegarria izango luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.