Duela hiru urte abiatutako egitasmoa dela azaldu zuen Anituak, baina krisialdi ekonomikoak agerian uzten du zentroa «inoiz baino beharrezkoagoa» dela. Zuzendariarekin bat etorri zen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Globalizazioaren garaian, «berrikuntzaren alde» egin beharra dagoela nabarmendu zuen: «Gure esku izan behar ditugu teknologia lanabesak, lan kostuetan lehiatzea ez delako nahikoa jada».
Asmo horrekin jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak 62 milioi euroko aurrekontua izan duen proiektua. Atzo Zornotzan inauguratu zutena, alabaina, lehen urratsa besterik ez da izan. 20.000 metro koadroko eraikinaren ondoan beste bat egiten hasiko dira laster eta, horrez gain, Ermuan eta Iurretan garapenerako zentro berriak egingo dituzte.
Egitasmoak erakartzeko
AIC automozio zentroan 250 aditu ariko dira lanean eta, besteak beste, helburu hauek izango ditu: autogintzaren gaineko ezagutza sustatzea, ikerketak egitea, langileak automozioaren maila guztietan trebatzea, balio erantsiko proiektuak bultzatzea eta egitasmo berritzaileak erakartzea.
Anituak esan zuenez, jarduera bateragarriak garatuko dituzte AICko taldeek, «publiko zein pribatuek». Han jorratuko dituzten lan ildoen artean daude, besteak beste, kotxe merkeak ekoiztea, eta ibilgailuen osagarri elektronikoak edota erregai eraginkorragoekin ibiliko diren kotxeak sortzea.
Automozioaren sektorearekin batera, hausnarketa egin zuen duela urte batzuk Bizkaiko Aldundiak, Bilbaoren esanetan: «Erakundeek zer-nolako ekarpena egin genezakeen galdetu genien». Automozio zentroa izan da hausnarketa horren emaitza. Etorkizuneko industriari begira dagoen proiektua da, «fruitua bildu aurretik erein behar delako».
Euskal Herriaren «DNA»
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hartu zuen parte ekitaldian. Euskal industriaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen bere hitzaldian. Autogintzan 45.000 langile aritzen direla gogorarazi zuen, «euskal industrian aritzen direnen erdia». Automozioa, haren ustez, Euskal Herriaren «DNAn» dago; izan ere, nazioartean euskal industriak saltzen dituen hamar eurotik zortzi autogintzari dagozkio, azaldu zuenez.
Ibarretxek, bestalde, 2009. urtea «oso zaila» izango dela berretsi zuen, baina enpresei «eusteko»ahalegina eskatu zien, «orain bere lekuari eusten dioten enpresek luzerako egingo dutelako,krisia igaro ondoren». Automozio zentroari buruz, azkenik, aurrera egiteko «ezinbestekotzat» jo zuen, «egun hartzen diren neurriak etorkizuneko krisiei aurre egiteko» balioko dutelako.