Autoa zaharra bota eta berria erosteko emandako laguntza publikoen segida emaitzak ematen ari da. Aurtengo urrian 3.238 auto berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz epe horretan baino ia 1.000 gehiago. Igoera %44koa da, eta txiki utzi du iraileko igoera ikusgarria (%35).
Azken bi hilabeteotako igoera handiei esker, auto berrien merkatua dagoeneko iaz baino emaitza hobeak eman ditu. Urtarriletik urrira 28.408 kotxe saldu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino %4,3 gehiago. Krisiak erdira jaitsi zuen auto berrien matrikulazioa 2008tik 2012ra.
Sektoreko patronalek espero dute goranzko joerak jarraitu egingo duela hurrengo hilabeteotan, eta nabarmendu dute hiru urte zeramatzala merkatuak zenbaki gorrietan.
Anfac, Faconauto eta Ganvam elkarteek txalotu egin dute Espainiako Gobernuaren jokaera, autoen salmenta sustatzeko PIVE plan bat agortu orduko beste bat indarrean jartzen duelako. Urriaren amaieran egin zuen azken aldiz, laugarren aldiz. Madrilek mila euroren laguntza ematen dio txatartegira doan auto bat ordezkatzen duenari.
Euskal Herrian ez ezik, Espainian eta Frantzian ere biziberritzen ari da auto berrien merkatua. Espainian ia %35 handitu dira salmentak (Hego Euskal Herria barne), eta %2,6, berriz, Frantzian (Ipar Euskal Herria barne). Urriko igoerari esker, CCFA Frantziako autogileen patronalak espero du urte osorako jaitsiera ez izatea %8koa, %6koa baizik.