Urteko lehen bi hilabeteotan 5.021 auto matrikulatu dira, iazko urtarrilean eta otsailean baino 524 gutxiago (-%9,4).
Salmentek behera jarraitu arren, Anfac, Faconauto eta Ganvam auto sektoreko patronalek uste dute PIVE 2 planak ondorio onak izan dituela. Izan ere, otsailaren bigarren erditik aurrera gora egin dute salmentek, eta are gehiago auto berrien eskaerek. Espainiako datuen arabera, saltokietan %32 handitu dira erosle potentzialak eta %42 erreserbak. Ondorioz, hurrengo hilabeteotan matrikulazioek gora egingo dutela espero dute.
Otsailaren 4an jarri ziren indarrean Espainiako Industria Ministerioaren laguntza berriak, PIVE 2 plana izenekoa. Ministerioak 1.500 euro arteko laguntza ematen dio auto zaharra bota eta berria erosten duenari. 150 milioi euro jarri ditu Espainiako Gobernuak autoen salmenta biziberritzeko. Iaz jarritako 75 milioi euroak bizpahiru hilabetetan bukatu ziren, eta merkatuaren jaitsiera zerbait moteltzea lortu zuten.