Autoen matrikulazioak %27,7 jaitsi dira urtebetean Hego Euskal Herrian

Noranahikoen matrikulazioek egin dute behera batez ere, erregai gehiago kontsumitzen dutelako

2008ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Krisi garaian kontsumitzaileek diru zorroa kontu handiz irekitzen dute, eta autoen sektorea ondorioak pairatzen ari da, matrikulazioek behera egiten jarraitzen baitute. Urtebetean (2007ko irailetik 2008ko irailera) autoen matrikulazioak %27,7 jaitsi dira Hego Euskal Herrian, eta iazko irailean baino 1.437 turismo eta noranahiko gutxiago saldu dira, guztira, 3.736. Datuok Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT) eman zituen atzo.

Nafarroan egin du behera gehien, matrikulazioak %31 jaitsi baitira iazko irailarekin alderatuta: guztira, 831. Bizkaian, berriz, egin du gutxien behera: %25. Han, 1.371 auto saldu dira. Araban, %28,8 jaitsi dira autoen salmentak, eta Gipuzkoan %26,3. 662eta 869 turismo eta noranahiko matrikulatu dira, hurrenez hurren.

Noranahikoen salmenta jaistseak eragin du, hein handi batean, autoen matrikulazioa jaistea. Ibilgailu mota horrek, beste auto txikiago batzuek baino erregai gehiago kontsumitzen du, eta erregaiaren prezioa garestitu egin denez, noranahiko gutxiago matrikulatu dira. Esate baterako, Gipuzkoan %51 jaitsi dira, eta Nafarroan, %43,7. Baina turismoekin ere sumatu da jaitsiera, Nafarroan eta Bizkaian bereziki: %29,5 eta %28,2 jaitsi dira hurrenez hurren.

Turismo eta noranahikoez gain, ibilgailu industrialen salmentak ere jaitsi egin dira. Beherakada handiena Gipuzkoan izan du, %34,3koa, eta txikiena, berriz, Araban %19,5ekoa.

Nolanahi ere, autoen matrikulazioa gutxiago jaitsi da Hego Euskal Herrian Espainian baino. Han, iaztik, %32,2 egin du behera autoen merkatuak. Guztira, 65.593 auto saldu ziren, iaz baino 31.161 gutxiago. Urteko matrikulazioek 1998tik izan duten jaitsierarik handiena izan dute, eta iazko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta, %22,2 jaitsi dira. 947.990 auto saldu dituzte.

«Luze iraungo du»

Datu horiek ikusirik, nahiko kezkatuta azaldu da Luis Valero, Anfaceko zuzendari nagusia: «Egoera oso itsusi dago, eta denbora luzez jarraituko du horrela. Gainera, badirudi luzea izango dela eta hori da larriena». 2009 ere urte zaila izango dela iritzi dio, baina egonkor jarraituko balu «albiste ona» izango litzatekeela.

Frantzian, ordea, autoen salmenta igo egin da iazko irailetik aurtengora, %8,4; eta guztira, 160.648 auto saldu dira. Hala ere, Frantziako Autogileen Batzordearen arabera, aurtengo irailak iazkoak baino lanegun gehiago edukitzeari zor zaio hori. Iaz, %1,4 egin zuten behera matrikulazioek.

Salmentak jaitsi direnez, espero izatekoa da ekoizpena ere jaistea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogileek %10-%12 bitarteko beherakada espero dute datorren urtera begira. Hori dela eta, lanpostuak murriztea izan daiteke lehen ondorio nagusia. Egun, 40.685 langileek egiten dute lan hiru lurralde horietan autogintzan, lanean ari diren biztanleen %4,5.

Garrantzi handia dauka autoen sektoreak Hego Euskal Herriko ekonomian. Lanpostuak sortzeaz gain, EAEn BPGren %17 hartzen du. Diru asko mugitzen du sektore horrek; joan den urtean, 10.157 milioi euro fakturatu zuten 300 enpresen artean.

EAEko autogileen Acicae elkarteko bozeramaile batek adierazi duenez, sektoreak zein joera izango duen «ezin da orokortu». Baina lehenago ala beranduago krisiaren eraginak nabarituko direla onartu du. Hori hala izanda ere, nazioartera tzeari esker eta langileen egiturak ongi lotuak daudenez, ongi erantzungo diotela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.