Autoen salmenta %20 hazi da urte hasieran, Hegoaldean

Azken urteotako Toyota gehienak ez ezik, Peugeot 107 eta Citroen C1 modeloak ere aztertuko dituzte

Iker Aranburu.
Donostia
2010eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urtarrileko aldapak ez du baretu auto berria erosteko gogoa. Amaitu berri den hilabetean 4.437 auto berri saldu dira Hego Euskal Herrian, iazko epe horretan baino %20,24 gehiago. Igoerek lotura zuzena dute administrazioek emandako laguntzekin.

Nafarroan hazi dira gehien salmentak: DGTren arabera, 1.070 auto matrikulatu dira, iazko urtarrilean baino %30 gehiago. Araban %23 handitu dira, eta %22 Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, %4 baizik ez.

Ohikoa denez, Renault izan da gehien saldutako marka. Frantziako autogileak 693 ibilgailu matrikulatu zituen urtarrilean Hegoaldean.Hau da, merkatu kuotaren %15,6 lortu du, iazko %12,3 baino gehiago. Volkswagen izan da bigarrena, eta hark ere kuota handitzea lortu du: %7,8tik %10,1era.

Espainian ere igo egin dira matrikulazioak, %18,1, alegia. Edonola ere, Anfac eraikitzaileen patronalak ohartarazi du urtarrila oso hilabete apala izan ohi dela salmententzat, eta sarri ez duela erakusten merkatuaren egoera. Gainera, gogorarazi du iazko urtarrila oso txarra izan zela, matrikulazioak %41,6 jaitsi baitziren.

Eraikitzaileak eta saltzaileak kezkatuta daude, uste baitute urtaren bigarren erdian nabarmen jaitsiko direla neurriak. Batetik, ordurako amaitu egingo direlako Espainiako Gobernuak eta erkidego gehienek auto berriak erosteko ematen duten laguntza eta, bestetik, uztailaren 1ean BEZa %16tik %18ra igoko delako.

Milaka auto tailerrera

Kezkatuta dago Toyota ere, azeleragailuan aurkitutako akats baten ondorioz mundu osoan saldutako milioika auto aztertu beharko dituelako. Kostu ekonomiko handia izango du neurriak, baina are okerragoa da markaren izen onak jaso dezakeen kaltea.

Euskal Herrian ere milaka auto berrikusi beharko dituzte. 2005etik saldutako Toyota gehienak ez ezik, Peugeot 107 eta Citroen C1 modelokoak ere tailerretik igaro beharko dute. Izan ere, modelo horiek eta Toyota Aygo berdin-berdinak dira, eta Toyotak Txekian duen fabrikan eraikitzen dituzte, Kolinen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.