Hego Euskal Herriko auto saltzaileek ez du kexatzeko motiborik. Urtarrileko aldapari hortzak erakutsita, urtea %20ko salmenta igoerekin hasi zuten. Eta otsailean are gehiago hazi da saldutako auto berrien kopurua. Hain zuzen, 4.740 auto berri matrikulatu dira Hegoaldeko lau herrialdeetan, iaz garai berean baino %22,6 gehiago. Administrazioek ibilgailu berriak erosteko ematen dituzten laguntzek eragin nabarmena dute emaitza horietan.
Salmenten gorakada orokorra izan da. Baina, hazkundean alde handiak egon dira herrialde batetik bestera. DGTren arabera, Nafarroan handitu dira gehien salmentak, 1.122 auto berri matrikulatu baitira, iazko otsailean baino %41,5 gehiago. Gipuzkoan %30,6 handitu dira salmentak; Bizkaian %15,2; eta Araban %7,5 besterik ez.
Laguntzak bukatzeko beldur
Espainiako auto saltzaileek, berriz, historiako hazkunde daturik onenekin bukatu dute hilabetea. Izan ere, iazko otsailean baino %47 auto berri gehiago saltzea lortu dute Anfac fabrikatzaileen eta Ganvam saltzaileen elkarteak jakinarazi duenez. Kontuan hartzekoa da, ordea, iazko otsailean %48,8 amildu zirela autoen salmentak Espainian.
Urteko lehen bi hilabeteetako emaitzak oso onak izanagatik, auto fabrikatzaile eta saltzaileek ohartarazi dute dagoeneko bukatu dela Espainiako Gobernuak 2000E planaren barnean autoak berritzeko agindutako 100 milioi euroen erdiak. Diru laguntza horiek amaitzen diren unean salmentek sekulako beherakada izango dutela aurreratu dute.
Autoen salmenta %22 handitu da otsailean Hego Euskal Herrian
Espainiako Gobernuak auto berriak erosteko agindutako 100 milioi euroen erdiak bukatu dira dagoeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu