Autoen salmenta %34 jaitsi da urtebetean Hego Euskal Herrian

Matrikulazioak probintzia guztietan jaitsi dira: Bizkaian %31,62, Araban %33,95, Nafarroan %36,32 eta Gipuzkoan %36,54

jakes goikoetxea
2008ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Autoen salmentak behera egin du urtebetean: iazko abuztuan 4.621 auto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian; aurtengoan, aldiz, 3.032, %34,38 gutxiago. Datuak probintziaz probintzia aztertuz gero, guztietan jaitsieraren portzentajea %30etik gorakoa izan da: Bizkaian %31,62koa, Araban %33,95ekoa, Nafarroan %36,32koa eta Gipuzkoan %36,54koa. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak atzo eman zituen datuak. Egoera ekonomikoa ondoen islatzen duten erakusleetako bat da auto salmenta, eta, hala,abuztuko datuek motelaldiaren eragina islatzen dute.

Aurtengo lehen zortzi hilabeteak eta iazkoak alderatuta, autoen salmentan jaitsiera gertatu da, baina ez abuztukoa bezain nabarmena: aurten urtarriletik abuztura (biak barne) 40.092 auto matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino 8.856 gutxiago (%18,09). Araban jaitsiera %7,80koa izan da, Nafarroan %17,30ekoa, Gipuzkoan %19,30ekoa eta Bizkaian %21,82koa.

Ibilgailu guztien matrikulazioak aintzat hartuz gero (autobusak, motorrak... ), urtebetean matrikulazioen jaitsiera %35,62koa izan da Hego Euskal Herrian: Bizkaian %33,72koa, Gipuzkoan %33,92koa, Araban %34,28koa eta Nafarroan %39,12koa.

Ehunekoei begiratuta, jaitsiera nabarmenena noranahiko ibilgailuek izan dute: aurtengo abuztuan iazkoan baino %50,89 gutxiago saldu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %48 gutxiago Nafarroan. Ibilgailu industrialetan ere jaitsiera handia izan da: %46,5ekoa Nafarroan eta %39,84koa EAEn.

Noranahikoen kasuan aintzat hartu behar da iaz noranahikoen salmentek igoera aipagarria izan zutela: Nafarroan, esaterako, noranahikoen salmenta %14,5 igo zen, 2006ko datuekin alderatuta.

'Ekologikoek' gora egin dute

Luis Valero Anfac-eko zuzendari nagusiaren esanetan, kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten autoen salmenta %10 baino gehiago igo da abuztuan Espainian, baina ez du zehaztu zenbat. Anfac Espainiako Auto eta Kamioi Ekoizleen Elkartea da.

Abuztuan Espainian saldu diren hiru autotik bik gasolioa erabiltzen dute eta batek gasolina.

Espainiako Gobernuak VIVE programa abian jarri zuen 2010eko uztailera arte, automobil berrien kopurua handitzeko, bai CO2 gutxiago isurtzen duten autoak, bai segurtasun sistema berriak dituzten ibilgailuak sustatuz. Horrela autoen salmenta ere suspertu nahi du.

Frantzian -Ipar Euskal Herriko datuak barne- iazko abuztuan baino %7,1 auto gutxiago saldu dituzte aurtengoan. Frantziako Auto Ekoizleen Konfederazioak zehaztu du 103.404 auto saldu direla abuztuan. Auto ekoizle nagusiek iaz baino auto gutxiago saldu dituzte: Renaultek %3,21 gutxiago, Peugeotek %3,8 eta Citroenek %6,2. Hala ere, Frantzian aurten autoen salmenta igo egin da: urtarriletik abuztura (biak barne) 1,41 milioi auto matrikulatu dira bertan, iaz epe berean baino %2,9 gehiago.

Europako Batasuneko 27 herrialdeetan eta Islandian, Liechtensteinen, Norvegian eta Suitzan, batez beste, %2 jaitsi dira auto berrien matrikulazioak aurtengo lehen sei hilabeteetan, iazko datuekin alderatuta. EFTA Europako Auto Ekoizleen Elkarteak eman ditu datuak. Herrialdeen artean, ordea, alde handiak daude: Alemanian matrikulazioak %3,6 gehitu dira; Espainian eta Italian, berriz, %17,6 eta %11,5 jaitsi dira hurrenez hurren.

Japonian 193.902 ibilgailu berri saldu dituzte abuztuan, aspaldiko kopuru apalena: hilabete batean 200.000 auto baino gutxiago saldu dituzten lehen aldia da 37 urtean. Iazko abuztuarekin alderatuz gero, aurtengoan %14,9 auto gutxiago saldu dituzte. Autoen salmenta %12,8 jaitsi da urtebetean. Gasolioaren garestitzeari eta moteltze ekonomikoari egotzi diete autoen salmenten jaitsiera.





############



Iaz noranahikoen salmentak %14,5eko igoera izan zuen Nafarroan

Frantzian iazko abuztuan baino %7,1 auto gutxiago saldu dituzte aurtengoan





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.