Volkswagen auzia

Autogintza osora zabaltzen ari da iruzurraren susmoa

Volkswagenen eskandalua "izozmendiaren punta besterik ez da" Transport & Environment ikerketa zentroarentzat. Daimler, BMW eta Peugeoten hainbat modelok beharko luketena baino  %50 gehiago kontsumitzen dutela dio.

Matthias Mueller Volkswageneko presidente berria. Porscheko presidentea ere bada. JULIAN STRATENSCHULTE, EFE
xabier martin
2015eko irailaren 28a
09:45
Entzun

Transport & Environment ikerketa zentroak autogintzaren sektorea are susmagarriago egiten duen txostena kaleratu du gaur. Haren arabera, Mercedesen A, C eta E klaseko hainbat modelok eta BMW 5ak zein Peugeot 308ak beharko luketena baino %50 erregai gehiago kontsumitzen dute. Laborategiko eta errepideko emaitzen artean "arrakala" handia dagoela salatu du erakundeak, eta "nekez" azaldu daitekeela "ezagunak diren aldagaien bitartez".

Alegia, Volkswagen eskandaluak sektore osoan eragin handia izango duela zalantza gutxi geratzen da dagoeneko. Transport & Environment erakundeak "izozmendiaren punta besterik ez" dela dio. "Ekoizleen gehiegikeria orokorra dago laborategiko probak egiten direnean, eta horrek ahalbidetzen die euren modeloek diotena baino %50 gehiago kontsumitzea". Bezeroari urtean 450 euroko gainkostua dakarkio marken praxi txar horrek, T & E zentroaren arabera. "2017tik aurrera abian jarriko diren test berriak atzeratzen saiatzen ari dira".

2001ean laborategiko eta errepideko neurketen artean %8ko aldea zegon batez beste, baina desberdinatasuna %40 ingurukoa da orain. Azken hamarkadan araudiaren akatsak euren alde jarri dituzte fabrikatzaileek, publizitatean saltzen dituzten baldintzak urratzeko, hala emisioen atalean nola kontsumoarenean.

Bi milio Audi trukaturik

Bitartean, Volkswagen auzian informazio jarioa ez da eten azken orduetan. Audi etxeak 2,1 milioi auto motor trukatuarekin saldu dituela onartu du gaur. A1, A3, A4 eta A6 modeloetan dago iruzurra EA189 motorrean, 1.6 eta 2.0 dieseletan. TT deportiboa eta Q3 eta Q5 modeloetan ere badaude isuriak ezkutatzeko softwarea, motor berdinetan. Guztira 2,1 milioi Audi dira neurketak faltsutzeko txipaz salduak.

Seat eta Skoda dira eskandaluak harrapatutako beste bi markak. Esaterako, Golf VI, Passat VII eta Tiguanen lehen belaunaldia. Wolfsburgoko etxearen auto berriak "garbiak" daudela jakinarazi dute, adibidez, Golf berriak, Passat berriak eta Touran berriak.

Belgikako inportatzaile batek 3.200 Volkswagen autoren salmenta bertan behera uztea erabaki duela jakin da gaur. Gas isuriak trukatzeko softwarea daukatelakoan geratu du merkaturatzea D'leteren Auto enpresak. Volkswagenek motor trukatua duten modelo guztien zerrenda egin arte, "bada ezpada" hartutako erabakia dela azaldu du.

Itxura batean, Euro 5 araudiari lotutako Volkwagen auto gehienak susmopean daude, baldin eta EA189 motor diesela badute. Belgikan 500.000 auto egon daitezke CO2 emisioen neurketak faltsutzeko txiparekin. 11 milioi auto dira mundu osoan Volkswagenek onartu duenez, eta horietatik erdia baino gehiago Europan leudeke.

Volkswagenek Euskal Herrian duen Landabengo plantaren jarduerari dagoionez, zuzendaritzak berretsi du aurten 299.589 autoren ekoizpena egongo dela, orain arte iragarritako kopuruen barruan, normaltasunaren barruan alegia. UGTk dio albiste ona dela, "zer gertatzen ari den kontuan hartuta". Wolfsburgo Landabenen egitekoa den 900 milioi euro inguruko inbertsioaren inguruan, ordea, Nafarroako zuzendaritzak ez du albiste berririk, eta beharginek zain jarraitu beharko dute mundu mailako eskandaluak Nafarroako plantan eraginik izango duen ala ez jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.