Autogintzako diseinu sariak eman ditu Mondragoneko Maier taldeak

Izaskun Artetxek ohartarazi du berrikuntzak izan behar duela euskal enpresen bereizgarria

Mikel Carramiñana.
Zornotza
2009ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ekonomiaren globalizazioan, enpresek aukera berriak eta «balio erantsia» bilatu behar dituzte, mehatxua ikusi beharrean. Halaxe esan zuen atzo Jose Maria Aldekoak, Mondragon taldeko presidenteak. Diseinu txapelketako sari banaketan izan zen atzo Aldekoa; Mondragonen autogintza sektoreko Maier taldeak antolatzen du sariketa, eta, globalizazioaren harira, Aldekoak nabarmendu zuen euskal enpresa batek gai izan behar duela «mundu osoko ideia berritzaileak erakartzeko».

Antolatzaileek esan zuten 25 herrialdetatik bidalitako 120 proiektu aurkeztu dituztela aurtengo Maier lehiaketan, aurreko urteetan baino askoz gehiago. Lehiaketa horren gai nagusiak dira autoen barrualdean «elementuak integratzea, kostuak murriztea eta ergonomia», eta Hego Koreako Kyung-Sung Son diseinatzaileak irabazi du. General Motors-Daewo etxeko beharginak helduleku berritzailea proposatu zuen, eta epaimahaiak 6.000 eurorekin saritu du haren lana.

Bigarren saria Valentziako Enrique Miñanok eskuratu zuen, Plug-in door panel izeneko proiektuarekin. Ateen barruko estalki aldagarriak diseinatu ditu, autoa erabiltzeko beharren arabera truka daitekeen panel sistema. Ideia horrekin, 3.000 euro irabazi ditu Miñanok.

Maier taldeak bi saridunen proiektuak ustiatu ahal izango ditu, eta diseinuekin irabazitakoaren %1 emango die sortzaileei.

Eutsi eta berritu

Zornotzan egin zuten ekitaldia AIC Automotive Intelligence Center ikerketa zentroan. Hor izan ziren lehiaketako epaileak eta Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomikorako diputatua saridunekin eta Mondragon taldeko presidentearekin batera.

Krisialdiak jo baditu ere,Artetxek esan zuen autogintza sektoreko enpresek berrikuntzan inbertitu behar dutela: «Krisiari aurre egin behar zaio, baina berritu ere egin behar da». Eta azpimarratu zuen, 2011 edo 2012 urteetarako, «egoera hobetzen denerako», berrikuntzak euskal enpresen bereizgarri izan behar duela, «merkatuan toki hobea» izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.