Edo ni edo kaosa. Urtarrilaren 28an, Madrilen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak Pello artzainaren ipuinaren bertsio modernoa kontatu zuen jendaurrean. Abertzaletasunaren arriskuez ohartarazita, Nafarroako foru erregimena "konstituzioaren batasunaren aurkako azken arroka" dela nabarmendu zuen. Beldurrezko mezuak xede argia zuen. Itun Ekonomikoaren negoziazioari aurre egiteko, estatuari diru gehiago eskatzea. Erreguka bada ere.
Barcinaren alarmismoak estatuaren borondatea leuntzeko balioko ote duen zalantzagarria bada ere, Barcinaren etsipenak neurri batean islatzen du zenbaterainoko garrantzia izango duen aurtengo negoziazioak. Batetik, testuinguru berezian dator. Gero eta gehiago dira Madrilen Nafarroako zerga sistemaren aurka jotzen duten ahotsak. Bestetik, mahai gainean gai garrantzitsuak egongo dira. Horri buruz hitz egin du Egitura-k Fernando de la Hucha Nafarroako Unibertsitate Publikoko Finantza Zuzenbideko katedradunarekin eta Juan Carlos Longas NUPeko ekonomia irakasle eta Aralar NaBaiko parlamentariarekin.
1. Negoziazio taldea
Elkarrizketa oraindik ez da hasi, baina De la Huchak garrantzitsutzat jotzen du parlamentu talde guztiek parte hartzea. "Ez badago batasunik, estatua indartua aterako da", dio. "EAEren kasuan, akordioa egon zen hiru aldundiekin eta bakoitza alderdi batekoa da: Bildu, PP eta EAJ. Hemen, oraingoz, ez dago ezer".
Azaroaren 28an Parlamentuan aho batez onartu zuten batzorde negoziatzaileko mahaian parlamentu talde guztiak egongo zirela, baina oraingoz ez da batzorde hori eratu. Barcinak taldeei ziurtatu zien Aste Santuko oporretatik itzulita argibide batzuk emango zizkiela, baina, Longasen arabera, ez dute ezeren berririk. Duela hilabete galdetu zion Goikoetxeari ea mozioa betetzeko asmorik duen, baina ez du erantzun. "Dena da anbiguoa".
Berez, ez dago presarik. Itun Ekonomikoa bost urtean behin berrikusten da, eta azken moldaketa abenduaren 31n amaituko da. Dena den, derrigorrean ez du ordurako egon behar akordioak. "Atzerapena normala da. Gertatu izan da bost urteko epea pasatu, eta bi urtera hitzartzea. Presarik ez dago, 2015eko urtarrilean aplikatzen hasiko delako", adierazi du Longasek. Lourdes Goikoetxea presidenteordeak aipatu du presa izatea baino garrantzitsuagoa dela itun on bat lortzea.
2. Ekarpena
Itun Ekonomikoak Nafarroak bere gain hartu ez dituen eskumenengatik estatuari urtero ordaindu beharreko ekarpena arautzen du. Ekarpen hori kalkulatzeko, Espainiako barne produktu gordinaren barruan Nafarroak duen %1,6ko pisua hartzen da erreferentzia gisa. Indize horri zergen diru bilketan bi administrazioen artean bildutako zergen doikuntzak gaineratu behar zaizkio, baita Espainiako zor publikoaren interes tasak ere. Hala, azken urteetan %1,6 hori baino nabarmen gehiago ordaindu du Nafarroak ekarpen bidez.
%1,6ko inputazio indizea, ordea, ez da aldatu 1981etik. De la Huchak ez luke indizea ukituko: «Bizilagun komunitate baten gisakoa da. Ehun euro dituzu ordaintzeko, eta zure esku dago nola biltzen duzun dirua», azaldu du. Barcinak azken diskurtsoetan aldarrikatu du BPGaren ordez biztanleak hartu beharko liratekeela aintzat, Nafarroako biztanle kopurua %1,3 baita: «Argudio hori erabiltzea ez da gomendagarria, estatuak berehala eman diezaiokeelako buelta. Europako Batasunean Luxenburgo oso txikia da, baina horrek ez du esan nahi ekarpenik egin behar ez duenik».
Longasek, berriz, uste du badagoela aukera ekarpenaren inputaziorako indizea berrikusteko. Literatura ugari dago gai horri buruz, eta, haren esanetan, aditu gehienak BPGa eta biztanleriaren arteko ponderazio baten alde daude. %1,45 inguruko aterako litzateke indizea eta Nafarroak diru gutxiago pagatuko luke.
3. Volkswagen
Zergen doikuntzei dagokionez, berriro negoziatu beharko da duela bi urte Espainiako Gobernuarekin bat-batean egindako akordioa. 2012 hasieran, alarma gorriak piztu ziren Gobernuan. Iritzi publikoak eta oposizioak jakin gabe, Espainiako Ogasunak VW behartu zuen autoen salmenta sistema aldatzera. 1994tik 2012ra Landabenen ekoitzitako autoak Bartzelonako Vaesa adarrari saltzen zizkion VWek, eta Nafarroako Gobernuak salmenta horien BEZa kobratzen zuen. Esportatutako autoen BEZ zerga, berriz, Espainiak itzultzen zion multinazionalari. 2012ko apiriletik VWek sistema aldatu zuen. Kontabilitate aldaketa hutsa zen, baina, handik aurrera, Nafarroak ez zuen zergarik bilduko, eta esportatutako autoen BEZa itzuli behar zion VWi.
Nafarroaren hondamendia eragin zezakeen, eta 2012ko maiatzean bi aldeek ituna moldatu zuten: Nafarroak 2015era arte urtean gehienez 25 milioi euro ordainduko zituen. Akordioa Nafarroako zerga sistemari erasotzeko baliatu zuen UPDk eta Auzitegi Konstituzionalera jo zuen. Mehatxu hori buru gain duela, berriro negoziatu beharko dute orain.
"Nahiko arraroa bada jada izen-abizenak dituen enpresa baten inguruko akordioa soilik egitea", dio De la Huchak. Uste du ez litzatekeela gehiegi ukitu behar metodologia hori: "Formula matematikoa ondo dago, baina sartzen dituzun datuen arabera, emaitza bat edo bestea ematen dizu".
Longasen ustez, 2012ko akordioa "presaka egin zen, eta lardaskeria hutsa izan zen". Haren ustez, negoziazioari begira, urteotan bildutako datu guztiak ondo aztertu beharko lirateke, Ogasunak zerga horren bidez zuzenean biltzen duen diruak Nafarroako ekonomiaren kontsumo ahalmenari erantzun diezaion. Zenbaitek interpretatu zuten estatuak Nafarroa erreskatatu zuela. "Ez nator bat planteamenduarekin", dio irmo Longasek. Doikuntzen bitartez, BEZaren bilketak Nafarroaren errealitateari erantzun behar diola deritzo.
4. BEZaren doikuntzak
Uneotan BEZak hamaika buruko min eragiten dizkio Nafarroari. Ezaguna den legez, BEZ zergaren tasa igo egin da eta hala ere Nafarroan behera egin du bilketak: iaz 1.147 milioi euro bildu ziren denera, baina esportazioengatik enpresei 874 milioi itzuli ostean, 272 milioi euro soilik geratzen zitzaizkion Nafarroari bere kudeaketako. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %54ko beherakada.
BEZ zergaren bilketa korapilatsua da, eta estatuarekin konpentsazio batzuk hitzartu ohi dira. Dena den, azken bi urtetan doikuntza horiek enpresei itzuli beharreko dirua baino gutxiago igo dira Nafarroan, eta 250 milioi euro inguruko zuloa utzi dute. Desoreka hain handia izaki, iragan abenduan Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak hitzartu zuten martxoan itxi beharreko doikuntzetatik abendura 200 milioi euro aurreratzea, eta, horri esker, Nafarroako kontuak onik atera dira. Aintzat hartu behar da kontuak abenduan ixten direla, baina zerga urteak martxoaren 31n amaitu ohi direla; hala, doikuntza horiek hilabete batzuk aurreratu zituzten.
Kontabilitateko mugimendu horrek arazoa neurri batean estaltzeko balio izan du, baina atzean diren faktoreak ulertzea garrantzitsua izan daiteke, negoziatzera joan aurretik. Izan ere, argi dago krisiak soilik ez duela azaltzen zergatia, ezta VWren sistema aldaketak ere. Teorian, VWen akordioak dio gehienez 25 milioi euro gehigarri ordaindu behar dituela Nafarroak, eta ez 200 milioi
Ez Longasek ez De la Huchak ez dakite zergatia. "Ez dakit zer arrazoi dauden atzean, baina enpresen BEZa gaizki eta berandu itzuli zaie", esan du De la Huchak. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendariak otsailean ohiak salatu zuen 2012ko defizit helburua betetzeko Yolanda Barcinak baimendu zuela enpresei BEZa itzultzeko sei hilabeteko epea urratzea eta ordainketak 2013ko urtarrilera atzeratzea. Erabakiak zehar kaltea eragin zuen, eta guztia nahasi du.
Longas kezkatuta dago estatuak 200 milioi euro aurreratu dituelako martxotik abendura. "Asteroko erosketak kreditu txartelarekin ordaintzea bezala da. Lehen hilabetean ondo zaude, baina, hilero eginez gero, azkenean kontua zenbaki gorritan izango duzu. Hau da, epe motzera ez da nabarituko, eta aurtengoa ere 2015eko martxoko doikuntzekin ordainduko da, baina estatuak lehengo sistemara itzultzea nahi badu, zer? 200 milioi euroko zuloa duzu". Haren ustez, horrek estatuari indarra ematen dio: "Politikoki arma gisa erabil dezake, Nafarroa erkidego txikia baita, eta doikuntzak bost axola zaizkio Estatuari. Aldiz, Nafarroarentzat hamarren bat gora edo behera, hondamendia da".
5. Zerga autonomia
Iaz ezarritako zerga berriak ere hitzartu behar ditu Estatuarekin. Negoziazioan, ordea, autonomia ere jokoan dago. Izan ere, argindar ekoizpenaren zerga Espainiak ezarri ostean, bere autonomia baliatuz Nafarroak bestelako zerga atera zuen, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen Konstituzionalean. Itun Ekonomikoak dio Nafarroak horretarako eskumena baduela. Orduan, zergatik jarri du errekurtsoa?
Longasen aburuz, estatua «desleiala da», ituna aintzat hartu gabe, Konstituzionalera jo duelako. Gainera, Konstituzionalak iaz ebatzi zuen Elizari Higiezin Ondasunen gaineko Zerga ordaintzera behartzeko Nafarroako legea konstituzioaren kontrakoa zela. Orain argindar ekoizpenaren gaineko zergarekin gauza bera eginez gero, "Itun Ekonomikoa bera paper errea bihurtuko da". Horrek hankaz gora utz dezake zerga autonomia: "Eskuinak gogoko du itunaz hitz egitea, baina ezin du itunik egon baldin eta posizioak asimetrikoak badira eta estatuak bere erremintak erabiltzen baditu nahi duena egiteko".
De la Hucharen ustez, zergak egiteko ahalmena blindatu beharra dago. "Aukera hori eztabaidatuko nuke 2003ko itun ekonomikoak hala zehazten duelako eta Konstituzionalak hori auzitan jarri duelako". Negoziazioan autogobernua ahoz eta ekintzez babesteko ordua iritsi zaie gobernuari zein Parlamentuko taldeei. Juridikoki eta ekonomikoki.