«Autogobernuari uko egitea» egotzi dio ELAk Patxi Lopez lehendakariari

Enplegu politika aktiboak eskualdatzean prestakuntzarako kuotak jasotzea ezinbestekotzat jo du

Erredakzioa
Bilbo
2010eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Enplegu politika aktiboak eskualdatzeko negoziazioan «autogobernuari uko egitea» leporatu dio ELA sindikatuak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Hain zuzen ere, Jaurlaritza eskumen hori «osorik bete gabe» jasotzeko prest dagoela ondorioztatu du ELAk.

Hego Euskal Herriko langileek prestakuntzarako ordaintzen dituzten kuotak nork kudeatzen dituen dago jokoan. ELAren aburuz, politika aktiboen osagarri funtsezkoa dira. Finantzaketa zergetatik eta gizarte kotizazioetatik datorrela ohartarazi du sindikatuak, eta eskualdatzea Kontzertu Ekonomikoarekin «koherentea» izan dadin, kotizazio horien bidez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biltzen den dirua bertan erabiltzea exijitu du.

Espainiako Gobernuak adierazi du prestakuntzarako kuotak Gizarte Segurantzaren parte direla, eta ez du kutxa hori zatitu nahi. Lopezen gobernuak tesi horrekin bat egin du dagoeneko. Hala, politika aktiboak finantzatzeko Espainian ematen den diruaren %6,24 kupoaren bidez kobratuko luke, kotizazio horiei dagokiena alde batera utzita.

Polemikak badu funtsa, EAJk ere eskatu duelako prestakuntzaren hobariak eskumenaren parte izatea. Horiek sartu gabe 175 milioi euro gutxiago jasoko lituzke Jaurlaritzak, EAJren arabera.

Gardentasun falta

Espainiako Gobernuarekin negoziatu diren eduki eta akordioen inguruan gardentasun eta informazio falta egon dela azpimarratu du ELAk. Prozesu horretan parte hartzeko edo informazioa jasotzeko eskatu dio sindikatuak gobernuari, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Prozesua bururaino eramaten bada, EAE «Espainiako beste erkidegoen pare» jarriko dela kritikatu du ELAk, eta aurreratu du politika aktiboen bidea erabakitzeko tenorean Jaurlaritzak ez duela inolako ahalmenik izango. «Espainia EBko langabezia tasarik handienetara eraman duten politikei men egitea eragingo du», salatu du ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.