Autonomia erkidegoetako lan itunek lehentasuna izatea oztopatuko du PPk

Abstenitu egingo da Kongresuko gaurko bozketan, eta EAJ eta CiU presiorako aukera gabe geratuko dira

Miren Garate.
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu egingo du, gaur, behin-behineko lan kontratuak bultzatzen dituen dekretua. PPren laguntza izango du horretarako PSOEk. Neurriak ez dituztela gustuko esan du Soraya Saez de Santamaria alderdiko bozeramaileak, enplegua «prekarizatzen» dutelako. Alabaina, PPko diputatuak abstenitu egingo dira, PSOEk alderdi nazionalistei negoziazio kolektiboaren gainean kontzesiorik ez egiteko.

Ekainean jarri zen indarrean negoziazio kolektiboaren erreforma arautzen duen dekretua, ministroen kontseiluak onartu ostean. Kongresuak balioztatzea ere lortu zuen PSOEk, EAJren eta CiUren abstentzioei esker. Abstentziorako baldintza gisa, zuzenketa bat lortu zuen EAJk: autonomia erkidego mailako lan hitzarmenek lehentasuna izatea. Eta zuzenketak onartu ahal izateko, lege proiektu bezala tramitatzen hasi ziren.

Espainiako Gobernuak hauteskunde orokorrak aurreratu izanak, ordea, gauzak aldatu egin ditu. Zuzenketak aurkezteko fasean dago gaur egun negoziazio kolektiboaren erreforma. Hauteskundeak azaroaren 27an izango direnez, gorteak irailaren 26an deuseztu behar dira. Beraz, ez dago denborarik legea tramitatzen jarraitzeko, eta lehendik onartuta dagoen dekretuak jarraituko du indarrean, zuzenketarik gabe.

PSOErekin adostutako zuzenketa, erkidegoetako lan itunek lehentasuna izatea onartzen zuena,gaur bozkatuko den dekretuan sartu nahi zuen EAJk. Horretarako aukeretako bat zen bozketan abstenitzea eta gero lege proiektu gisa tramitatuta zuzenketak sartzea. PP abstenitzen bada, ordea, PSOEk ez du EAJren eta CiUrenbeharrik. Santamaria bozeramaileak azaldu duenez, Veleriano Gomez Lan ministroak deitu zien asteburuan, abstenitzeko eskatuz, bestela alderdi abertzaleen presioei men egin beharko zietelako.

EAJk, ezezko botoa

Hain zuzen, Kongresuak gaur bozkatuko dituen neurriak abuztuaren 26an onartu zituen Espainiako Gobernuak: besteak beste, enpresek prestakuntzarik ez duten gazteak 30 urte bete arte eduki ahal izango dituzte ikasketa eta prestakuntza kontratuarekin eta behin-behineko kontratuak kateatzeko gehienezko muga kendu egingo dute.

Oraingoan, abstenitzeko asmorik ez dutela esan dio BERRIA-ri Emilio Olabarria EAJko Espainiako Kongresuko diputatuak.Ezetz bozkatuko dute, «edukia ez dugulako gustuko eta PSOEk ez duelako onartuko autonomietako lan hitzarmenek lehentasuna izateko gure eskaera». Olabarriak CEOE patronala ere ikusten du Espainiako lan hitzarmenak lehenesteko asmoaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.