Autonomoek langabezia saria jasotzeko legea bidean da

Gutxienez urtebete kotizatu beharko dute, eta ordainetan, hiru hilabetez jaso ahalko dute langabezia saria

Erredakzioa
2009ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Autonomoek langabezia saria jasotzea bide emango duen legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak. Orain, Espainiako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialera bidaliko dute proiektua, hark oniritzia eman eta tramitazioa has dadin. Uste dute neurriak milioi bat autonomori lagunduko diela.

Espainiako Gobernuak sistema misto bat eratu du: autonomo batzuentzat nahitaezkoa izango da, eta besteentzat boluntarioa. Nahitaezkoa izango da laneko istripuengatik eta laneko gaixotasunengatik kotizatzen duten menpeko autonomoentzat -diru sarreren %75 bezero bakar batengandik datorkionean- eta istripuak izateko arrisku gehien duten jardueretan ibiltzen direnentzat.

Talde horretan 539.338 lagun sartzen dira, horietatik 176.000 nekazaritza sektoreko autonomoak dira. «Baina laster milioi bat lagun izango dira», berrazterketa batzuk egin behar direlako menpekoen kontratuetan eta arrisku handieneko lanbideak zeintzuk diren zehaztu behar direlako, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordearen arabera.

Sistema boluntarioa, berriz, lan istripuengatik eta laneko gaixotasunengatik kotizatzen ez dutenentzat eta ideiaz aldatzen dutenentzat da.

Langabezia saria jaso ahal izateko, gutxienez hamabi hilabetean kotizatu beharko dute. Gehienez sei hilabetez jasoko dute langabezia saria, eta horretarako 30 hilabete baino gehiagoz kotizatu beharko dute. 60 eta 64 urte arteko autonomoek bederatzi hilabetez jaso ahalko dute 36 hilabete baino gehiagoz kotizatuz gero. Autonomoen elkarteek eta sindikatuek pozik hartu dute berria, baina epeak luzatzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.