Atzo onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera ekonomia sustatzeko plana, baina gaur goizean aurkeztu du. Maiatzaren 11n jarriko dute indarrean, abenduaren 31ra arte iraungo du, eta aldundiko sail guztiek hartuko dute parte. Aldundiak ziurtatu du oposizioaren proposamen batzuk jaso dituela bere egitasmoan.
Plana 95,5 milioi eurokoa da, baina 672 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko duela ziurtatu du Unai Rementeria buru duen gobernuak.
Planaren zatirik handiena zerga pizgarriei dagokie, 53,5 milioi euro izango baititu. Langileak kontratatzen dituzten enpresentzako zerga kenkaria 5.000 eurotik 7.500 eurora igaroko da, eta hori halako bi emango die laneratzeko zailak diren kolektiboetako pertsonei. Sozietate zergan, ordaindu beharreko %60 baliatu ahal izango dute enpresek 2020ko kuota txikitzeko, enplegua sortzeko, aktibo produktiboetan inbertitzeko, eta I+G egiteko.
Autonomoentzako laguntzak
Diru sail berezia izango dute autonomoek eta azken asteetan itxi behar izan duten bost langilerainoko enpresa txikiek. Bizkaiko Aldundiak hamabost milioi euroren mikrokredituak emango dizkie. Gehienez 7.500 euroko maileguak izango dira, interesik gabekoak, eta bost urteko epean itzuli beharrekoak. Aldundiak kalkulatu duenez, 15.343 autonomok itxi behar izan dituzte beren negozioak, eta beste 22.764k jardueraren zati handi bat galdu dute.
Autonomoen jarduerari mesede egingo die etxeak zaharberritzeko plan bereziak ere. Renove Etxea plana izango du, eta haren bidez %10eko zerga kenkari bat emango diete ohiko etxebizitza zaharberritzen duten bizkaitarrei. Gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko aurrekontua duten lanak lagunduko dituzte horretan.
Industriari dagokionez, enpresa txikiei eta ertainei (bost eta ehun langile artekoei), lau milioi euroren zuzeneko laguntzak emango dizkie.
Lanpostuei eusten laguntzeko eta langabezian daudenen kontratazioa laguntzeko enplegu plan berezi bat egingo du aldundiak, eta bost milioi euro jarriko ditu horretarako.
Bonuak ostalaritzarako eta kulturarako
Tokiko merkataritzan, kulturan, establezimendu turistikoetan eta ostalaritzan gastatzeko bonuak eskainiko ditu aldundiak. Bost milioi jarriko ditu horretarako.
Bizkaiko herrietan barne turismoa sustatzeko neurriak ere izango ditu Bizkaia Aurrera planak (300.000 milioi euro).
Digitalizazioa sustatzeko 10,4 milioi jarriko ditu Rementeriaren foru gobernuak. Diru horrekin lagunduko dute banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzeko, Arratiatik, Mungialdetik eta Enkarterritik hasita. Gainera, plataforma digital bat sortuko dute tokiko merkataritza eta trebetasun digitalen arloko prestakuntza sustatzeko.
Gipuzkoako Aldundiak asteartean aurkeztu zuen Suspertze Ekonomikorako eta Sozialerako Plana.