Ekonomia

Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi du Espainiako lan erreformaren dekretua

PPren Gobernuak onartu zuen, 2002. urtean.

2007ko martxoaren 30a
17:53
Entzun
2002ko maiatza zen eta Espainiako Gobernua (PPren esku orduan) elkarrizketa sozialerako mahaian lan erreformaz hizketan ari zen sindikatuekin eta enpresa erakundeekin. Maiatzaren 21ean, ordea, negoziaketak hautsi egin zituzten. Maiatzaren 23an sindikatuek greba orokorra deitu zuten, PPren Gobernuak aurkeztu zituen neurrien kontra. Egun bat geroago, Gobernuak dekretuz onartu zuen lan erreforma.

Bost urtera baliogabe utzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Haren ustez, Gobernuak ez zeukan halako presarik lan erreforma onartzeko eta "dekretua ez da konstituzionala". Espainian lehen aldia da halako kasu bat Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi duena.

Juan Carlos Aparicio zen orduan Espainiako Gobernuaren Lan ministroa, eta Kongresuko PSOE, IU eta Talde Mixtoak, eta Andaluziako Juntak aurkeztu zituzten dekretuaren kontrako helegiteak.

Epaiak ez du aintzat hartu erreformak jasotzen zituen neurrietako bi: kaleratze bidegabeen kasuan tramitazio-soldata deiturikoak kentzeko neurria eta FOGASAk hori bere gain hartzeko neurria. Konstituzionalaren iritziz, ez du zentzurik neurri horien aurrean ebaztea, gaur egun neurriok ez daudelako indarrean, PPren Gobernuak 2002ko udazkenean atzera egin eta kendu egin zituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.