Duela hiruzpalau urte, mailegua berrikusteko eguna zen hipotekadunen amesgaiztorik handienetakoa. Krisiak eztanda egin zuenean hasi zen hori aldatzen. Euriborra bizi abiatu zen maldan behera, maileguak merkatzen hasi ziren, eta berrikusketa eguna ospakizun egun bihurtu zen hipotekadunentzat. Bukatu da hori ere. Aurreko hilabeteetako gorabeherek sortutako zalantzak uxatu ditu azaroko datuak. Batez beste %1,540an ibili da Euriborra azaroan, 2009ko ekainetik mailarik handienean. Duela urtebete %1,231n zegoen.
Ondorioz, hileroko kuotak garestitu egingo zaizkie datozen egunetan mailegua berritu behar duten herritarrei. Batez besteko hipoteka dutenek -160.000 euro 30 urtean itzultzeko, %0,5eko diferentzialarekin- hilean 25 euro gehiago ordaindu beharko dizkiote finantza erakundeari; urtebetean 300 euro gehiago, hain zuzen. Zenbateko bera denbora gutxiagoan itzuli behar dutenei gutxiago garestituko zaizkie kuotak, eta amortizazio epe luzeagoa dutenei, gehiago.
Analisten irudiko, goranzko joera egonkortzen ari dela erakutsi du azaroko datuak. Datozen hilabeteetan bide horretatik jarraitzeko itxura guztia duela diote. Hala gertatuko balitz, familiek berehala antzemango lukete beren erosteko ahalmenean.
Baina, horrek ba al du logikarik? Beti esan izan dute diruaren prezioa eta Euriborraren bilaka oso lotuta daudela, Euriborra interes tasen aurrerapen gisako bat dela. Baina, euroguneko interes tasetan ez dute gorabeherarik espero gutxienez datorren urtearen azken aldera arte; Euriborrak, ordea, gorantz jarraituko du. Hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizeak ekonomiaren egoerara egokitu beharra daukala diote analistek; horrela azaltzen dute indizearen jokabidea.
Azken hamabost hilabeteetako mailarik handienean da Euriborra
160.000 euroko mailegua 25 urtean itzuli behar dutenei 25 euro garestituko zaie hileroko kuota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu