Gastua murrizteko hartutako neurriek ez diote mesede egin ekonomiari edo enpleguari, baina hasi dira kontu publikoen zenbakiak txukuntzen. Administrazio batzuetan behintzat. Azken hiruhilekoan beren zorra gutxitzea lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Nafarroako Gobernuak eta haren menpeko enpresa eta erakunde publikoek, ordea, beste 80 milioi eurotan handitu dituzte zorrak. Administrazioek ordainketa asko urte bukaeran egiten dituztenez, ez da baztertu behar abenduaren 31ko datua zeharo desberdina izatea.
Espainiako Bankuak atzo emandako datuen arabera, irailaren 31n Jaurlaritzak eta bere menpeko erakunde publikoek 5.355 milioi zor zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %7,9 da hori. Ekainaren 31ko datuekin alderatuz gero, pixka bat hobera egin dute kontuek. Orduan BPGaren %8 zor zuen, eta 27 milioi gehiago.
Duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, ordea, nabarmen hazi da zorra: 4.194 milioi ziren orduan, edo BPGaren %6,4. Hori bai, iazko azken hiruhilekoan gertatu zen zorpetzerik handiena, ia 850 milioikoa.
Urtea hasi denetik beste 300 milioi gehitu dizkio, urte osorako 1.017 milioiko zorpetze garbia aurreikusita bazuen ere. Baina Espainiak pagatu beharreko interesa nola handitu den ikusita, Carlos Agirre Ekonomia sailburuak zorra jaulkitzeari muzin egin dio eta BEI Europako Inbertsio Bankuaren eta erakunde pribatuen bidez finantzatzea hobetsi du.
Edonola ere, urriaren 31era arte superabita izateak iradokitzen du ordainketa asko azken hiruhilekorako utziko zituela —%1,3ko defizita aurreikusi du—, eta baliteke urtea zenbaki okerragoekin bukatzea. Urriaren hasieran, Madrilek 605 milioi euroko zorra jaulkitzeko edo epe luzeko maileguak hartzeko baimena eman zion Jaurlaritzari. 2012an beste 1.038 milioiko zorpetzea iragarri dute aurrekontuek. 419 milioi euro zorra amortizatzera bideratuko ditu, eta horietatik 250 milioi interesak ordaintzera.
EAErekin alderatuta, egoera okerragoan dago Nafarroa, zorra BPGaren %11,1koa da, duela urtebete baino ia hiru puntu handiagoa. Berez, Eusko Jaurlaritza abiapuntu hobea zuen. Hazkunde ekonomiko handiko urteak zorra ia ezerezean uzteko baliatu zuen Juan Jose Ibarretxeren gobernuak. Horrela, krisiaren bezperan, 2007an, 642 milioi zor zituen, bere BPGaren %1 besterik ez. Antzekoa zor zuen Nafarroak orduan, 645 milioi. Praktikoki, Iruñeko gobernuak zor horri eutsi izan dio 2000tik 2007ra, baina ekonomia hazi ahala, BPGan zuen pisua jaisten joan zen, %5,9tik %3,6ra. Orduz gero zorra hirukoiztu du Nafarroak, etenik gabe gainera. Orain 2.075 milioi zor ditu, duela urtebete baino 557 milioi gehiago.
Diputazioetan behera
Diputazioek ere gerrikoa estutuz erantzun diote krisiari. Urriaren 31ean 2.250 milioi zor zituzten, hiru hilabete aurretik baino 263 milioi gutxiago. Iaz baino 404 milioi gehiago dira, ordea.
Zorpetze handiagoa dute Herrialde Katalanetan: Valentziak BPGaren %19,9 zor du, %19,7 Kataluniak eta %16,8 Balear Uharteek. Galiziak, berriz, %12,4.
Azken hiruhilekoan zorra jaistea lortu dute Jaurlaritzak eta foru aldundiek
Nafarroako Gobernuak, ordea, zorpetzen jarraitzen du eta dagoeneko BPGaren %11,1 du zorretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu