Antxoaren biomasa berreskuratu da. Hala erakusten dute Azti-Tecnaliaren datuek. Aurtengo irailean eta urrian egindako Juvena neurketa zientifikoaren arabera, Bizkaiko Golkoan 207.625 tona antxoa gazte daude, urtebetetik beherakoak. Iaz zenbatutakoak baino %34 gutxiago dira, baina Azti-Tecnalia 2003an Juvena neurketa egiten hasi zenetik beste behin bakarrik egon da hori baino gehiago. Ikerketa zentroak uste du arrantzaleek antxoa arrantzatzen jarraitu ahal izango dutela espeziea arriskuan jarri gabe.
Udazkeneko antxoa gazteenkopurua ikusita eta urteotako eskarmentuan oinarrituta, Azti-Tecnaliak hurrengo urteko antxoa helduen kopuruakalkulatzen du. Antxoa helduak urtebetekoak edo urtebetetik gorakoak dira, ugaltzeko gai direnak. 2012an 75.000 tona inguruko biomasa espero du, 33.000 tonako zuhurtziazko muga halako bi baino gehiago. Muga horretatik behera antxoa arrantzatuz gero, gehiegizko esplotazio arriskua dago.
Hala ere, udazkeneko datuak Bioman udaberriko kanpaina zientifikoak baieztatu beharko ditu. Aintzat hartu behar da antxoa gazteen heriotza tasa oso handia dela eta neguan asko hiltzen direla.
Juvena kanpainaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo Donostian, Rogelio Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak, Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak eta Alicia Villauriz Espainiako Itsasorako zuzendari nagusiak.
Eremu zabalean
Kantitateaz gain, garrantzitsua da antxoa Bizkaiko Golko osoan aurkitu izana, iazkoaren pareko eremuan, baina 2009an baino eremu zabalagoan. Azti-Tecnaliak 75.000 tonako biomasa espero du 2012rako. 75.000 tona horietatik 52.000 oraingo antxoa gazteak izango dira, aurten jaiotakoak baina datorren urtean helduak izango direnak; gainerako 23.000 tonak, berriz, iaz jaiotakoak, urtebetetik gorakoak.
Europako Batasunak jada ezarri du arrantzaleek zenbat antxoa arrantzatu dezaketen: aurtengo uztailetik hurrengo urtekora, 29.700 tona; iazkoaren bikoitza. Hala ere, Euskal Herriko arrantzaleek batez ere udaberrian arrantzatzen dute antxoa. Pozok uste du 2012ko Bioman neurketaren emaitzak onak badira kuota hori beste urtebete luzatzeko aukera dagoela, 2013ko uztaila arte.
Aztiren datuek baieztatu egin dute 2012an antxoaren kuota bikoiztu izana
Bizkaiko Golkoan 207.625 tona antxoa gazte daudela uste du, eta 2012an 75.000 tona heldu espero ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu