Babcockeko pribilegiatuetako bi dira CCOOko Metaleko buru Roberto Ortega eta erregulazio espedientearen garaian langileen batzordeko presidentea zen Felipe Alonso (UGT), Berriak jakin duenez. Ortegari soldata igo zion ATBk aurrez erretiratzear zela, eta ordainsari hobeagoa kobratzen ari da orduz geroztik. Alonso, berriz, lan mailaz igo zuten espedientea itxi ostean. Horiez gain, Babcockeko beste 18 zuzendarik eta langilek jaso dituzte pribilegiozko ordainsariak. Zuzendaritzako kide dira horietako lau.
Denera, 20 langile daude lotuta puztutako erretiroekin. CCOOko bi arduradun eta bi ordezkari besteak beste. Metalaren Euskadiko Federazioko idazkari nagusi Roberto Ortega da onuradunetako bat. Horri eta CCOOk Bruselan daukan ordezkaritzako Luis Miguel Parizari soldatak igo zizkien ATBk, espedientea itxi aurretik. Bi liberatuak, aurrez erretiratu ziren abuztuan, 281 lankiderekin batera, baina baldintza askoz hobeagoetan.
Soldata mugarik ez
Izan ere, bat datoz soldata igoera eta erretiro mamitsuagoa, hileroko irabazi gordinen %76 kobratzen ari baitira ATB utzi duten langile guztiak. Parizari, gainera, diru mugarik gabeko erretiroa eman diote. Hau da, espedientean ezarritako gehienezko soldata 40.000 euro urtero gaindituta ere, irabazi osoen araberako erretiroa pagatzen omen dio ATBk.
Are gehiago, lantegia aurrez utzi duten langileak (1951, 52 eta 53an jaiotakoak) Gizarte Segurantzara pasatuko dira 61 urterekin. Pariza eta beste zortzi onuradun ez. Berriak jakin du 65 urte bete arte ez direla behin-betiko erretiratuko, eta pentsioaren %100 jasoko dutela, beraz. Egoera berean dago EAJko legebiltzarkide ohi Jose Maria Gonzalez Zorrilla. Baita Babcockeko Administrazio Kontseiluko idazkari E. Andrino, eta enpresako zuzendaritza taldeko kide J. Rios, A. Sota eta G. Ugarte. Gainera, UGTko Felipe Alonso ere espedientean hitzartutakoa baino diru gehiago kobratzen ari da. Lan maila igo dio ATBk, antza denez, eta handiagoa da langileen batzordeko presidente ohiaren hileroko ordainsaria.Alonso ez ezik, orduko langileen batzordeko beste bost kide daude pribilegiatuen artean. ELAkoak ziren horietako bi, sindikatuak joan den astean bota zituenak. CCOOk eta UGTk agindu dute gauza bera egingo dutela beren kideek puztutako erretiroako kobratu dituztela egiaztatu orduko.Pribilegiatu guztien artean hiru milioiko irabazi osagarriak pilatzen dituzte. ATBk iragarri du uko egingo diola Babcockeko zuzendari batzuek «beren kabuz» sinatutako erretiroak pagatzeari. Ordea, ezer ez du esan aholkularietan gastatutako dirutzari buruz. Langileek auzitegietara jo dute jada babes eskean. Funts publikoen erabilera argitzea nahi dute.
BABCOCK. CCOOko Metaleko burua zuzenean lotu dute puztutako erretiroekin
Hogei onuradun daude, denera: maila igo diete batzuei eta soldata mugak kendu besteei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu