Babcockek aurkeztu du konkurtso legera jo eta enpresa ixteko eskaera

Eusko Legebiltzarrean enpresaren egoera izango dute hizpide; langileek elkarretaratzea egingo dute kanpoan

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Trapagarango (Bizkaia) Babcock Powerreko zuzendaritza enpresa ixteko urratsak egiten ari da. Jada aurkeztu du konkurtso legera jotzeko eskaera Merkataritza epaitegietan. Hala ere, enpresa batzordeak jakinarazi du epaitegiak dokumentazio gehiagoren zain daudela, prozedurarekin aurrera jarraitzeko. Abenduaren 3an aurkeztu zuen eskaera, baina bihar amaituko da dokumentazio gehigarria aurkezteko epea. Agiri guztiak jaso ostean, epaileak autoa kaleratuko du, eta prozesua gidatuko duten administratzaileak izendatuko ditu.

Enpresaren jabea, Austriako A-Tec, zorrei aurre egin ezinik dabil, eta enpresa itxi nahi du. Itxiz gero, 392 langile kaleratuko ditu.Garai batean bost mila ere izan zituen, eta esku pribatuetara pasatu zenean, 2001ean, mila pasatxo.

Hori dela eta, langileak itxieraren kontra mobilizatzen ari dira, SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateari eta erakundeei begira. Atzo elkarretaratzea egin zuten SEPIk Bilbon duen egoitzaren aurrean; gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute, enpresaren egoerari buruzko legez besteko proposamen bat eztabaidatuko baitute bertan.

Langileek SEPIrekin bildu nahi dute, SEPI arduratu izan baita Babcocken pribatizazio prozesuez, 2001ean eta 2004an. Astelehenean bilduko dira.

Laguntza TS Fundicionesi

Zailtasunak dituen beste enpresa bat da Zestoako TS Funciciones (Gipuzkoa). Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko mailegua ematea onartu du, enpresaren «berregituratze proiektua» ordaintzen laguntzeko. Enpresako zuzendaritzak enplegua erregulatzeko hirugarren dosierra aurkeztu du, 75 langile kaleratzeko asmoz, baina Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du erantzun.

TS Fundicionesek iazko apirilean aurkeztu zuen lehen dosierra, langile guztientzat. Bigarrenarekin 25 langile kaleratu zituen. Langileek ekimen ugari egin dituzte kaleratzeen kontra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.