Energia

Bahia de Bizkaia Gasek hirugarren biltegia inauguratu du

150.000 metro kubiko handituko du plantaren biltegiratze gaitasuna.

Bahia Bizkaia ziklo konbinatuko zentrala. BERRIA
Berria
2015eko urtarrilaren 21a
12:00
Entzun

Oztopo bat bazuen orain artean Bahia de Bizkaiaren (BBG) berriz gasifikatzeko plantak: biltegiratze gaitasun txikia. Gero eta handiagoak dira gasa dakarten ontziak, eta bat baino gehiago nahiko jarraian iristea ez zen posible, non biltegiratu ez zegoelako. Arazo hori nabarmen txikiagoa izango da aurrerantzean, hirugarren biltegia jarri baitu martxan plantak.

Arazorik gabe deskargatu ahal izango dute 270.000 metro kubiko gas arteko ontziek. Aurreko bien antzekoa da biltegi berria: 150.000 metro kubiko hartzeko gaitasuna du. Hala, orotara 450.000 metro kubikora iritsi da plantaren biltegiratze gaitasuna.

2011n hasi ziren hirugarren tanke hori eraikitzen. Horretarako, 130 milioi euroko mailegua eman zioten BBGri Europako Inbertsio Funtsak, BBVAk, Caixabankek eta Kutxabankek. Azarotik dago martxan froga fasean, baina gaur inauguratu dute ofizialki. Han izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Inbertsioari esker, Zierbenako planta gas naturalaren Europa hegoaldeko sarbide nagusietako bat bihurtuko da. Iaz, 2,7 milioi gas kubiko deskargatu ziren azpiegituran, 2013an baino %37 gutxiago. Lau lurruneztagailuren bidez, orduko 800.000 metro kubiko berriz gasifikatzeko gaitasuna du BBGk (zero graduko tenperaturan eta atmosfera bateko presioan). Likido egoeran iristen da erregaia, zero azpitik 163 gradutan, eta berriro ere gas bihurtzen du.

Joan den asteaz geroztik bi akziodun ditu konpainiak: Enagas, %70eko parte hartzearekin, eta Eusko Jaurlaritza, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, gainerako %30ekin. Aurrez, Enagasek %40ko parte hartzea zuen, eta %30 Deutche Banken esku zegoen. Haren akzioak erosita handitu du parte hartzea Enagasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.