Bahiketak

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Alakrana bahitu dute Indikoan eta igoerak bahitu dituzte Jose Mari Olabarri kalean. Urriko sareak zulo asko ditu: atzo %1,66 galdu zuen Ibex-35 indizeak eta baita 11.400 puntuen maila ere. Branka goizetik zeukaten indizeek galeretarantz begira jarria eta, 3.018 milioiko salerosketa sendoarekin, berri txarrak baieztatu baino ez zituen egin. %2na pasa galdu zuten bi banku handiek eta %0,75 Edurnezurik. Babes militarrarena egin izan duen Wall Street ez zen inondik agertu: AEBetan langabezia %9,8ra igo izanak eta bankuek kobratzeke dituzten maileguek baga handi samarrak eragin zituzten. Itsaskirriak %5,44 hondoratu zuen Tecnicas Reunidas eta %3na pasa Sacyr, Ferrovial, Cintra eta Arcelor. Iberdrola(-%1,6) nahiz Repsol-YPFk (-%1,18) ere ez zuten erreskate talderik osatu; FCCk (+%1,99) baino ez zituen behar besteko armak erakutsi. Nagusi izan den baikorkeriak mugarriren bat behar zuen eta, itxuraz, langabeziarengan topatu du.



Acciona.Aerosorgailuak ekoizteko Txinan zuen lantegia saldu egin du Accionak (-%2,16). Berezko teknologia duen Acciona Windpowerrek, Barasoainen (Nafarroa), Valentzian (Herrialde Katalanak) eta AEBetan dituen lantegiei eutsiko die.



Solaria (-%4,56) energia berriztagarrien enpresak lau kontinentetan hedatzeko egitasmoa jakinarazi dio CNMVri. Frantzia, Maroko, Brasil nahiz Txina barne hartzen ditu, besteak beste, eguzki plakak saltzen dituen enpresaren egitasmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.