Baionako postariek gaur goizean erabakiko dute greban jarraitu edo ez

Greban daude, zerbitzuaren berrantolaketaren ondorioz 48 postaritik 12 desagertuko direlako

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2009ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean zuzendariarekin egindako biltzarrean ez zuten adostasunik lortu Baionako postari grebalariek. Hiri honetako posta bulegoen berrantolaketa plana «momentu batentzat» kentzen zuela adierazi zien sindikatuei Xabier Padiou Baionako postako zuzendariak. Lanpostuen desagertzeak dakarren berrantolaketa honen behin betikoz kentzea aldarrikatuz, greba mugagabea hasi zuten ostegunean Baionako postariek.

Atzo goizeko biltzarrean ezer ez zutenez lortu, arratsaldean berriro bildu ziren CGT, FO, SUD eta CFDT sindikatuetako ordezkariak Baionako postako zuzendariarekin. Bizkitartean, grebalariek, posta bulegoen aurrean, beren mugimenduaren zergatiak eta berriak plazaratu zituzten.

«Pauso bat atzera egitea, geroago hobeto aurrera egiteko». Horra nola ikusten dute sindikatuek Xabier Padiouk biltzarrean aurkeztutako erabakia. «Zuzendariak berrantolaketa kentzen duela esan badu ere, sindikatuek argi dugu geroago berriro aterako duela... gauza txarrago batzuekin beharbada», erran zuen Patrik Frantsesenak, SUDeko sindikalistak, biltzarretik ateratzean. Hori dela eta, greba mugimenduak atzo gauean jarraitzen zuen. Langileek batzarra egingo dute gaur goizean, eta han erabakiko dute greban jarraituko duten edo ez.

Baiona hiriko 48 gutun banatzaileetarik 12 desagertuko lirateke orain duela aste batzuk aurkeztu zen berrantolaketa plan honekin. Lanpostu hauen kentzeko arrazoia, Frantzia mailako zuzendaritzak aurreikusten duen trafikoaren %13ko apaltzea da. Hots, sindikatuen iritziz, ez dira zenbaki hauek Baiona hiriari aplikatzen ahal, ikusiz Baionako biztanleria hazten ari dela azken urte hauetan.

Negoziazioek huts egin dute

Orain duela sei aste hasi ziren tokiko zuzendaritza eta sindikatuen arteko negoziazioak. Sindikatuen kezka eta eskakizunei zuzendariak erantzun zien erabakiak Frantzia mailako zuzendaritzan hartzen zirela. Beraz, negoziazioek ez zuten deus ekarri. Hori ikusiz, ostegun goizean, CGT, FO, SUD, eta CFDTk greba mugagabea abiatzea erabaki zuten. 48 posta banatzaileetarik, 45 greban dira.

Greba mugimendua bozkatua izan ala ez, zuzendaritzak goiz honetan gutun banaketak egingo direla segurtatu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.