Bakoitzaren patrikan, 500 euroko bi billete

Hego Euskal Herrian eta Espainian zirkulazioan dagoen diruaren %74 500 euroko eta 200 euroko billeteetan biltzen da. 500 eurokoekin egindako hamar eragiketatik zortzi iruzurrezkoak direla dio Gesthak.

Miren Garate.
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Inoiz gutxitan ageri dira diru zorroetan, eta eguneroko erosketetarako ere erabilpen urria dute. Saltoki txiki batzuek ez dituzte onartu ere egiten, itzultzeko behar adina diru xehe ez dutelako izaten. Ez direla existitzen dirudi, baina datuek bestelako zerbait erakusten dute. Ezkutuko ekonomia azaleratu behar dela esaten duenean, Espainiako Gobernuak badaki nondik hasi behar den: 500 euroko billeteak agerian jartzetik.

Hain zuzen, Europako Batasunean dauden 500 euroko billeteen %20 Hego Euskal Herrian eta Espainian daude; bostetik bat, alegia. Bada beste datu esanguratsu bat ere. Ogasuneko teknikariak biltzen dituen Gestha elkarteak egindako ikerketaren arabera, haiekin egiten diren eragiketen %80 iruzurrezkoak dira. Eraikuntza eta etxebizitza sektoreak orain urte batzuk izandako goraldiak nabarmen igoarazi zituen diru beltzarekin egindako ordainketak, hau da, Ogasunari aitortu gabekoak.

«500 euroko eta 200 euroko billeteetan biltzen da Espainian zirkulazioan dagoen diruaren %74», adierazi du Jose Maria Mollinedo Gesthako idazkari nagusiak. 500 euroko billeteetan 53.000 milioi daudela zehaztu du, eta 200 euroko billeteetan 3.300 milioi. «Zifrek ihes egiten digute maiz, baina dirua biztanle guztien artean banatuta, argi ikusten da zein dimentsiori buruz ari garen: bakoitzak 500 euroko bi billete izan behar lituzke uneoro diru zorroan, eta bi ume dituen bikote batek 4.000 euro». Hainbeste diru patrikan izatea ez dela batere ohikoa gogoratu du, normalean finantza erakunderen bateko kontuan gordetzen dela. «Sekulako dirutza erabiltzen da Ogasunaren bizkar egindako eragiketak ordaintzeko».

Gestharen iritziz, 500 euroko billeteen erabilera debekatzea da irtenbidea, eta hala eskatu dio Europako Batasunari. Erresuma Batuak, esaterako, 2010az geroztik ez ditu saltzen. Hau da, diru trukerako bulegoren batera joandakoan, 500 euroko billeterik ezin izaten da eskuratu. Aitzitik, posible da halako billeteak utzi eta libera esterlinak hartzea trukean. Hori egin nahi duenak Erresuma Batuan bisitan dagoela egiaztatu behar du.

Krimen antolatuaren aurkako agentziak, Barne Sailak eta Erresuma Batuko altxorrak elkarrekin hartu zuten erabakia. Taldeak egindako azterketa baten arabera, herrialdera sartutako 500 euroko hamar billetetatik bederatzi legez kanpoko transakzioetarako erabiltzen ziren, diru zuriketarako, zergak saihesteko edota beste gaizkile batzuen jarduerak ordaintzeko. «500 euroko billeteak Erresuma Batura sartzeko dagoen erraztasunak aukera ematen die iruzurgileei diru kopuru handiak mugitzeko», zioen txostenak. Adibide bat ere jarri zuten: posible dela zigarro kaxa batean 20.000 euro ezkutatzea 500 euroko billetetan.

1969an ere antzeko neurria hartu zuen Richard Nixon AEBetako orduko presidenteak. Galarazi egin zuen 10.000 dolarreko billeteak erabiltzea, krimen antolatuetan presentzia nabarmena zuela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.