Bi apustu egin zituen Alexis Tsiprasek joan den asteburuan, gaurko erreferendum batera deituko zuela iragarri zuenean. Lehena da greziarrek babesa emango ziotela; eta bigarrena, berriz, babes horrek balioko ziola Europako Batasunarekin tratu hobea lortzeko. Lehen apustua irabazi du Greziako lehen ministroak. Austeritateari ez -eta EBko liderren nagusikeriari ez- esan diotenak gehiago izan dira euroari kosta ahala kosta bai -eta gobernuaren negoziazio taktika eztabaidagarriei ez- esan dietenak baino. Ez da harritzekoa. Greziako gizarteak azken bospasei urtetan jasandakoarekin asko dira galtzeko gutxi ikusten dutenak EBri desafioa eginda.
Baina Tsiprasek irabazi behar duen bigarren apustua agian zailagoa da, ez baitago inondik inora garbi akordio hobea lortu ahal izango duenik. Greziako herriak eman dion legitimotasuna aldarrikatuko dute Tsiprasek eta Varufakisek, baina honakoa ez da legitimotasunaren banderarekin soilik irabazi daitekeen lehia bat. Azken finean, kreditu emaileek badute beren legitimotasuna ere: haien parlamentuek Greziari dirua uzteko baimena eman zioten, baina ez musutruk. Hortaz, legitimotasunaren kartaz gain, praktikotasunarenak ere zeresan handia du eta horretan karta txarrenak Greziak ditu.
Orain berriro hasi beharko luketen negoziazioek akordiorik gabe amaitzea porrot politiko handia izango litzateke Europarentzat, gaizki kudeatu duen arazo bati amaiera kaskarra ematea delako, beste arantza handi bat EBren eraikuntza inperfektuan eta amaigabean. Baina haren ondorio praktikoak ez dira, ziur aski, behin-behinean azalaraziko. Bai, merkatuek dena hankaz gora jarri dezakete berriro ere; bai, Greziak zorrak pagatzeari utzi eta euroa uzten badu, antzeko arazoa sor daiteke Portugalen, Espainian edo Irlandan. Baina horiek arazo garrantzitsua izanik, premiazko arazoa Greziak du. Greziako ekonomia dago geratuta eta diru beharrean dagoeneko urtebete egin duten negoziaketa antzuen ondoren, -desakordioa ez baitzen hasi Syriza boterera iritsita, ND kontserbadorea ere ez zen gai izan kreditu emaileekin akordio bat lortzeko-. Greziako bankuak daude itxita eta edozein momentuan hautsi daitekeen hari fin batetik zintzilik (ELA maileguak); Grezia da uztailaren 20an ez dituen 3.500 milioi euro Europako Banku Zentralari itzuli behar dizkionak. Greziakoa da zatitutako gizartea, Greziakoa da bere herritarrak gaizki zerbitzatzen dituen estatua. Ez dira horiek negoziaketa baterako kartarik onenak, eta Tsiprasek ez ezik, hori badakite Merkelek, Hollandek, Dijsselbloemek eta Draghik.
Nola bukatuko da foiletoia? Inork ez daki ziur, baina bi aukera ikusten ditut. Bata da bi aldeak ados jartzea egun gutxiko epean, Tsiprasek gaur austeritate onartezin gisa saltzen duena akordio duin gisa saltzeko gai bada -zorra berregituratzeko promesa garbi bat, esaterako?-. Bigarrena Grexit-a da, inork ustez nahi ez duena, baina eragozterik izango ez dutena.
Behin apustuak egiten hasita, Grexit-aren alde dirua jartzen hasiko nintzateke, gero eta bateragaitzagoak baitira Atenasen eta Bruselan (Berlinen) nagusi diren narratibak, eta gero eta sakonagoak mesfidantzak. Eurotik kanpo are pobreago hasiko luke bidea Greziak -eta horrelakoetan badakigu nork sufritzen duen gehien-, baina bere etorkizuna gidatu ahal izateko aukera izango luke, bere etxea kanpoko eskuhartzerik gabe behingoz garbitzeko aukera bat, ordaintzerik ez duen zorraren zama gainetik kenduta. Hurrengo egunotan ikusiko dugu apustu hori okerra ala zuzena den.