Zorraren krisia. EBZren enkantea

Banca Civicak 6.100 milioi lortu ditu EBZtik

CAN kide duen bankuak %6 gutxiago irabazi du; Euskadiko Kutxak %62 gutxiago, hornidura handiengatik

Banca Civicako bi presidenteak: Antonio Pulido eta Enrique Goñi. E. PEÑUELA.
Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriko finantza erakundeek ere hartu dute prte Europako Banku Zentralak egin duen enkantean. Nafarroako Kutxa partaide duen bankuak, Banca Civicak, iragarri du 6.100 milioi euro lortu dituela banku zentraletik. Diruaren zati bat mailegu gehiago emateko erabiliko duela ziurtatu du Banca Civicak, baina aitortu du beste zati bat zor subiranoa erostera —245 milioi ditu, duela urtebete baino halako lau— eta aurretik interes handiagoarekin zituen beste mailegu batzuk ordezkatzera bideratuko dituela.

Erronka handiak ditu CANen bankuak aurten. Izan ere, Espainiako Gobernuak indarrean jarritako erreformaren ondorioz, 2.000 milioi euroko zuzkidurak egin behar ditu urtea amaitzerako, etxegintzan izan ditzakeen galerak estaltzeko. Horretan ari da orain. 2011ko azken hiruhilekoan %24tik %28ra handitu du bere aktiboen estaldura, eta horren ondoriotako bat izan da irabaziak %6 gutxitu zaizkiola, 183,49 milioi eurora arte.

Baina Banca Civicaren arazoa da irabazi horiekin ezin dituela bete geratzen zaizkion estaldurak. Espainiako Gobernuak erreforma onartu zuenean 575 milioi falta zitzaizkiola ziurtatu zuen bankuak, baina 1.200 milioi direla aipatu du Efe agentziak aipatu duenez, zuzkidura arruntez gain beste batzuk ere egin behar dituelako. Enrique Goñi eta Antonio Pulido Banca Civicako bi presidenteek ziurtatu dute diru hori lortzeko modua badutela, hiru sistemen bidez: akzio preferenteak —gordailu baten modukoa— kapital arrunta bilakatuta (900 milioi ditu), parte-hartze industrialak salduta eta mailegu gehiago emanda.

Edonola ere, Goñik eta Pulidok ez dute baztertu bankua beste batekin bat-egitea, kapital behar horri errazago heltzeko. «Guztiekin ari gara negoziatzen, sektoreko besteek bezalaxe», argitu du Pulidok. Bat-egitearen abantailetako bat da beste urtebete emango liekela zuzkidurak egiteko eta, gainera, dirua irabazietatik ez ezik erreserbetatik ere ateratzeko baimena emango liokeela Espainiako Bankuak.

CANen bankua bat-egiteen eta erosketen kiniela guztietan azaltzen da. Aragoiko Ibercaja izan da da gehien aipatzen du den izena, nahiz eta atzo Caja 3 erosiko duela iragarri izanak aukerak kentzen dizkio operazioari. Osagarritasun kontuengatik aipatu izan diraBMN eta Kutxabank ere, nahiz eta kasu horretan eragozpen politikoak oso handiak diren Nafarroako agintarien aldetik.

Euskadiko Kutxaren emaitzak

Hornidurek eragin handia izan dute Euskadiko Kutxaren emaitzetan ere. Mondragon taldeko kreditu kooperatibak 19,4 milioi euro irabazi zituen iaz, 2010ean baino %62 gutxiago. Kutxak ohar baten bidez azaldu duenez, erreformaren eskakizunak «albait arinen» egiten saiatu dira: 222 milioi baztertu dituzte, aurreko urtean baino 70 milioi gehiago (+%46).

Kapitala ere handitu du Euskadiko Kutxak. 1.354,9milioi euroko kapital nagusia du (%12,03), gaur egun eskatzen dioten %8a baino nabarmen handiagoa. Core kapitalean —arriskuaren arabera neurtutako aktiboen artean lehen mailako baliabide propioak—, %12,31ko ratioa zuen abenduaren 31ean, eta urtebete lehenago %11,59 zen. Likidezia aldetik ere emandako kredituen %85 gordailuekin estalita dituela nabarmendu du.

Maileguen eskaera gutxitu dela ziurtatu du Euskadiko Kutxak: 15.158 milioiko maileguakditu, iaz baino %5,6 gutxiago. Enpresei emandako maileguak %3,6 jaitsi dira eta Europako Inbertsio Bankuaren bitartez eskaini zituen 150 milioi euroko mailegu lerroa ez da osorik bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.