Burtsaratzeko garai zaila aukeratu zuela bazekien Nafarroako Kutxa partaide duen bankuak, Banca Civicak. Baina unea uste baino okerragoa gertatzen ari da, zor publikoaren krisiko beste tentsioaldi baten erdian irtengo baita finantza merkatuetara. Gaur zortzirako zuen data handia, baina atzo egun batez atzeratzea erabaki zuen, inbertsiogile handien sostengua ziurtatu ahal izateko.
Banca Civicako arduradunak AEBetan daude orain, road show deritzona egiten. Hau da, proiektuaren nondik norakoak azaltzen inbertsiogile handiei —100.000 eurotik gora jarri behar dutenei—, banku sortu berrian dirua jar dezaten.
Banca Civicako langileen eta herritar arrunten artean harrera ona izan dute banku berriaren akzioak, eskaini zaizkienak —%48 herritarrei eta %2 langileei— baino gehiago eskatu dituztelako.
Inbertsiogile handien artean, berriz, harrera apalagoa izaten ari dela iradokitzen du data atzeratu behar izateak. Izan ere, atzerrian kanpo mesfidantzaz ikusten dituzte aurrezki kutxak eta, oro har, Hego Euskal Herriko eta Espainiako finantza sektore osoa. Banca Civicak aurreneko estres azterketa huts egin izanak ere ez du lagundu.
Zalantzak uxatu eta dirua erakarri nahian, akzioari nahi baino balio apalagoa eman behar izan dio Banca Civicak. CNMV burtsaren arautzaileari igorritako informazioan, CANen bankuak 1.342 eta 1.889 milioi arteko balioa izango du kapital handitzea egitean, ustez aurretik balio zuena baina %47,5 eta %60 artean gutxiago.
Akzioa merke saltzearen arazoetako bat da kapital pribatuari parte hartze handiagoa emango diola banku berrian, erdia gutxi gorabehera. Gainontzekoa banatuko dute CANek, CajaSolek, Caja Burgosek eta Caja Canariasek. Kapitalaren banaketa horrek derrigorrez eragingo dio gizarte ekintzari, irabazien zati handi bat akziodunen dibidendura joango delako. Epe motzera, irabazien %30 gizarte ekintzara bideratuko duela agindu du.
Finantza sistemaren berregituraketa
Banca Civicak hilaren 21era arte atzeratu behar izan du bere burtsaratzea
Akziodun txikiak erakarri ahal izan ditu Nafarroako Kutxaren bankuak, baina arazoak ditu handiekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu