•Bankia taldeak 19.000 milioi euroak bueltatu beharko al ditu? Ez. Espainiak ez dio mailegu bat emango, zuzenean 19.000 milioi euro jarriko ditu BFA-Bankian, zor bonuen bidez. Aurretik, 4.465 milioi euro utzi dizkio maileguetan, %8ko interesarekin. Baina ezin du dirua bueltatu, eta maileguak kapital, akzio, bihurtuko dituzte, eta Bankia nazionalizatuko dute. Gero, diru publikoa sartuko dute erakundean.
•Espainiako Gobernuak dirua berreskuratuko al du? Ez daki. Berreskuratzekotan, Bankia saldutakoan berreskuratuko du.
•Nola emango dio dirua Espainiak BFA-Bankiari? Espainiako Gobernuak ez du zehaztu. Efe agentziaren arabera, dirua lortzeko lehen aukera Altxorrak zor merkatuetan zorra jaulkitzea da, FROBi falta zaion dirua eskuratzeko.
•Aukera hori bideragarria al da? Orain behintzat ez. Zor merkatuak dauden egoeran, oso garesti ordaindu beharko luke: arrisku saria 500 puntutik gora dago, eta Espainiak %6tik gorako interesa ordaindu behar die bere zorraren erosleei. %7koarekin erreskatea eskatu zuten Greziak, Portugalek eta Irlandak.
•Zer beste aukera du? Diruaren ordez, zor bonuak ematea. Informazio iturri gehienek aukera horren alde egin dute: Espainiako Gobernuak 19.000 milioi euroren zor bonuak emango dizkiola. FROB bankuak berregituratzeko funtsak —estatuak babesten du— edo Altxorrak jaulkitako zor bonuak izan daitezke. Espainiako Gobernuak finantza sistemaren bigarren erreforman onartu zuen aukera hori. Zor bonuen truke BFA-Bankiako akzioak eskuratuko lituzke.
FROBek zorpetzeko muga bat dauka, 27.000 milioi eurokoa, eta jada 14.000 milioi euro baino gehiago jaulki ditu. 13.000 milioi euro geratzen zaizkio. Baita 5.300 milioi euro dirutan ere, baina horietatik mila milioi euro Banco de Valenciarentzat dira. Baina BFA-Bankiak 19.000 milioi euro behar ditu, eta FROBen aukerak batuta ere, ez da iristen premietara.
•Zer egin dezake BFA-Bankiak zor bonuekin? Berme gisa erabil ditzake, Europako Banku Zentralak dirua uzteko. Beraz, Espainiako Gobernuak Europako Batzordearekin eta EBZrekin hitz egin beharko du BFA-Bankiaren erreskatea nola egin erabaki aurretik, bien baimena jasotzeko.
Financial Times-ek dio Zipreko Gobernuak antzeko zerbait egin nahi duela herrialdeko zenbait bankuri laguntzeko.
•EBZren irtenbide hori ez al da arazoa EBZren esku uztea? Neurri handi batean, bai.
•Eta zer esan du EBZk? Oraingoz, ezer ez. Raxoik atzo esan zuen oraindik ez dutela hitz egin EBZrekin. Reutersen arabera, ordea, Espainiako Gobernuko iturriek ziurtatu diote EBZk onartu duela asmoa.
•Zer eragozpen ditu EBZra jotzeak? Alde batetik, Espainiako Gobernuak agerian uzten duela bere ahultasuna, ez baita gai bere kabuz dirua lortzeko. Bestetik, EBZk dirua, likidezia, hiru hilabeterako baino ez diela uzten finantza erakundeei, hau da, hiru hilabeteren buruan BFA-Bankiak dirua bueltatu beharko luke. Eta, horretaz gain, EBZk Espainiako zor bonuei Espainiak emandakoa baino balio gutxiago eman diezaiekeela, dirua bueltan ez jasotzeko arriskutik babesteko. Ondorioz, BFA-Bankiak diru gutxiago jasoko luke Espainiaren zor bonuen truke. Espainiak zor gehiago eman beharko lioke beharrezko dirua lortzeko.
•Operazioak Espainiaren defizita handituko al du? Raxoik esan du ezetz, «ezta pentsatu ere». Baina zor horren interesak ordaindu egin beharko ditu, eta zorra kitatu ere egin beharko du. Horrek eragin zuzena izango du defizit publikoan eta hurrengo aurrekontuetan hartu beharreko erabakietan. BFA-Bankiaren erreskateak Espainiaren zorra nabarmen handituko du: barne produktu gordinaren bi puntu inguru.
Bankia taldearen erreskate publikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu