Finantzak

Bankiaren "negozioa"

Espainiako Gobernuak 1,51 eurotan saldu berri ditu bankuan dituen akzioen parte bat; bikoitza beharko luke, diru publiko guztia berreskuratzeko.

Goirigolzarri Bankiako presidentea. J. LIZON, EFE
Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 28a
10:22
Entzun

Ustekabean Bankian duen parte-hartzearen parte bat saltzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Salmenta "azkarra" izan dela dio CNMV burtsa ikuskatzaileari eginiko oharrak. Presaka egindakoa, alegia. Operazio horrekin 1.304 milioi euro sakeleratu ditu, akzio bakoitza 1,51 eurotan salduta. Negozio ona izan da?

Hasteko, argazki orokorra. 2012. urteko maiatzean Bankia nazionalizatu zuen Espainiako Gobernuak. Zehatzago esateko, Bankiaren akziodun nagusia, Banco Financiero y de Ahorros sozietatea (BFA), bereganatu zuen. Horretarako bankuak berregituratzeko FROB funtsa baliatu zuen. Orotara, 22.424 milioi euro jarri dira finantza erakundea erreskatatzeko. Diru publikoa guztia. Zergapekoena.

Salmentaren aurretik BFAk Bankiaren jabetzaren %68 kontrolatzen zuen. Orain, %60,89arekin geratu da. Alegia, gehiengo osoa izaten jarraituko du. Interesgarriena, ordea, jarritako diru publikoa berreskuratzeko aukera izango edo ez argitzea da. Atzo iragarritako operazioaren ondotik, oraindik ere 21.120 milioi faltako lirateke. Gobernuak, FROBen bidez, oraindik ere 7.013.472.545 akzio ditu zorroan. Horrek esan nahi du akzio horiek gutxienez hiru eurotan saldu beharko direla, diru guztia berreskuratzea bada helburua, behintzat.

Bankiaren pribatizaziotik diru guztia berreskuratzen ez bada, bankuen erreskateak utzi duen galerari gehituko zaio. Faktura osoa zein izan den ezagutzeko oraindik faktore asko falta dira, baina honezkero galduta dauden eta berreskuratuko ez diren milioi asko dira. Esaterako, Novagalicia Bancoren erreskatean eta salmentan 8.000 milioi euro galdu ziren. Catalunya Bancen ere 12.000 milioi eurotik gora jarri ziren, oso diru gutxi berreskuratzeko aukerarekin. Banco de Valenciarekin edo CAMekin galera potoloak pilatu ziren, halaber. Finantza erakundeak erreskatzeko akordio bat sinatu zuen Espainiako Gobernuak troikarekin. Guztira, 42.000 milioi euro hartu zituen maileguan. Diru guzti hori bueltatu arte Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako troikaren ikuskaritza gainean izango du. Zeharkako laguntzak aintzat hartu gabe - bonoei emandako bermeak eta antzekoak - bankuen kapitala indartzeko dirutan 63.500 milioi euro publiko erabili dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.