Bankiaren okerra zuzentzen

Balizko galerei aurre egiteko zenbat diru baztertu behar duten zehaztuko die gaur Espainiako Gobernuak finantza erakundeeiEstatuak beste 7.000 edo 10.000 milioi jarri beharko ditu Bankiaren beharrak betetzeko

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gaur jakinaraziko du zein hornidura maila eskatuko dien finantza erakundeei. Eskakizun berriek beren planak aldatzera eta balizko galerei aurre egitera behartuko dituzte bankuak eta aurrezki kutxak, eta beste astindu bat emango diote sektorearen berregituraketari. Neurri batean, Bankiaren egoerak bultzatutako neurria da. Hainbat hilabetetako zalantza eta tirabiren ondoren, Banco Financiero y de Ahorros (BFA) eta haren filial Bankia Espainiako Estatuaren menpe geratzekotan dira.

Zergatik nazionalizatu dute Bankia?

Nagusiki, ez zuelako nahiko diru irabazten huts egiten ari zaizkion edo huts egin diezaioketen aktibo toxikoak (maileguak) estaltzeko. Ahal izan dituen diru iturri guztietara jo du Bankiak dirua lortzeko; EBZren enkanteetan, esaterako, 40.000 milioi euro lortu zituen, eta zati handi bat Espainiaren zor publikoa erosteko balio du, ematen dioten interesarekin etekinak lortzeko. Baina iazko irabazi apalek —305 milioi gutxi dira hamar milioi bezero dituen banku batentzat— erakusten zuten ez zuela nahi diru lortzen bere beharrak estaltzeko. Bankiaren arazoa da hainbat urtez bankua osatzen zuten kutxek eskuzabaltasun handiarekin eman dizkiotela maileguak etxeak egin nahi zituztenei;merkatua erori denean eta mailegu askok huts egin dutenean, negozioak pott egin du. Porrotak badu kutsu politikoa ere: PPren bi gotorlekuetako (Madril eta Valentzia) agintariekin lotura estua izan du, eta haien hainbat proiektu handinahitsu finantzatu dituzte, etekin handirik gabe.

Ez al zen hobe erortzen uztea?

Batzuek baietz diote, ez delako zilegi diru publikoa erabiltzea gehiegikerien ondorioz bideragarria ez den enpresa pribatu bat salbatzeko, eta are gutxiago gizarte sailetan murrizketak daudenean. Argudio etiko hori aintzat hartuta ere, beste askok gogoan dute Lehman Brothersen adibidea, eta uste dute banku baten porrotek ondorio kaltegarriagoak dituela ekonomiarentzat eta kutxa publikoentzat: banku guztien egoerari buruzko izua hedatzen da, mesfidantzak gehiago murrizten ditu maileguak, eta enpresak eta familiak finantzaketarik gabe geratzen direnean ekonomia geratzen da. Gainera, Bankiaren kasuan, banku hura finantza erakunde handienetan laugarrena izanez, beste arazo bat sortzen du: han dauden 155.000 milioi euroko gordailuak legez babestuta daude, eta horiek bermatzen dituen FGD funtsak 2.350 milioi baizik ez ditu, zailtasunetan dauden beste bankuei laguntzeko baliatzen ari direlako.

Zer gertatuko da orain Bankiarekin?

Espainiako Estatuaren menpe geratuko da, haren esku izango direlako Bankiaren akziodun nagusiaren (BFA Banco Financiero y de Ahorros, %52) akzio gehienak. Ikusteke dago orain estatuak zein parte hartze izango ote duen. Hurrengo egunotan jakingo da BFAko burukide berriek eta aditu independenteek bankuaren kontuak aztertu eta zehazki zenbat balio duen neurtzen dutenean. Horren ondoren, estatuak beste 7.000 edo 10.000 milioi jarriko ditu, estali behar diren aktibo arriskutsuak estaltzeko. Uste dute akzio bihur daitezkeen bonuen bidez (Coco) egingo duela.

Zer gertatuko da BFAko akziodunekin

Ezer gabe geratzekotan dira. Zazpi akziodun ditu BFAk: Caja Madridek ditu akzioen %52,06, Bancajak %37,7, Caja de Canariasek %2,45, Caja de Avilak %2,33, Caixa Laietana %2,11, Caja Segovia %2,01 eta Caja Riojak %1,34. Kutxa izateari utzi beharko diote, legeak diolako sortutako bankuaren %25 kontrolatu beharko dutela izaera horri eusteko. Fundazioak izango dira, edo desagertu. Beste kontu bat dira Bankiaren 400.000 akziodunak. Iazko uztailean burtsaratu zuen BFAk bere banku adarra, Bankia, eta %47,59 saldua du. Kapital handitzeak beharrezkoak izango direnez, beren parte hartzeak are balio handiagoa galduko du. Akziodunek inbertsioaren zati handi bat galdu dute jada, ordutik hona Bankiaren titulua %40 jaitsi baita.

Eta bezeroekin?

Printzipioz, ezer ere ez. Azken asteotan dirutza atera dute bankutik, hari buruzko zurrumurruek bezeroak urduritu dituztelako. Orain, ordea, estatuaren berme zuzenarekin, litekeena da giroa lasaitzea. Bankiak hamar milioi bezero zituen, horietako milaka batzuk Euskal Herrian. 40 bulego inguru ditu bankuak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, gehienak garai batean Caja Madriden esku izandakoak.

Zenbat diru publiko jaso du Bankiak?

Hurrengo egunotan etor daitezkeenak zenbatu gabe, 73.000 milioi euro inguru. Horietatik 40.000 milioi Europako Banku Zentralak emandako mailegu merkeak dira: %1 inguruko interesarekin itzuli beharko ditu, beranduenik 2015eko otsailean. Espainiako Gobernuak, berriz, bi laguntza mota eman dizkio. Batetik, 2008an, krisiaren amaieran, 28.500 milioi euroko maileguak bermatu zizkion. Berme horiek luzatzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. Beste 4.465 milioi FROB bankuak berregituratzeko funtsetik etorri zaizkio. Orain arte maileguak ziren, %8ko interesarekin itzuli beharrekoak. Baina diru hori pagatzerik ez duenez, mailegu horiek kapital bihurtuko dira, eta horrek egingo du estatua Bankiaren akziodun nagusia.

Nazionalizatutako lehen bankua al da?

Ez. Krisia hasi zenetik beste zazpi finantza erakunde hartu ditu bere gain estatuak. Horietatik lau dagoeneko beste banku indartsuagoen esku daude: CCM Liberbanken, CajaSur Kutxabanken, Unnim BBVAn, eta CAM Sabadell bankuan. Salmenta prozesuan daude Catalunya Bancena eta Banco de Valencia, eta oso litekeena da berdin gertatzea geroago NGC Bancorekin.

Zer egingo du estatuak Bankian?

Bankuan kapitala sartuko du porrot egin ez dezan, aktibo toxikoek ekar diezaiozketen galerak estaliko ditu, bere esku dituen etxebizitzak, etxe sustapenak eta lurzoruak saltzen saiatuko da, eta bankuaren neurria txikituko du —bulegoak itxita eta langileak kaleratuta—. Behin bankua saneatuta, bere kasa iraun dezakeela uste duenean, saldu egingo du. Salmenta hori atzeratu daiteke, baldin eta erosle egokia aurkitzen ez badu. Burtsa beherantz doanez eta Espainiako bankuei buruzko susmo txarrak oso handiak direnez, ez da baztertu behar estatuak urteak behar izatea prezio ona ordaintzeko prest dagoen eroslea topatzeko. Orduan jakingo da zenbateko kostua izan duen Bankiak zergadunentzat.

Beste ondoriorik izango al du aferak?

Bankuak gainbegiratzeko sistemaren ahultasuna oso nabarmen geratu da, hainbat urtez utzi dielako finantza erakundeei arriskuak pilatzen. Gainera, azken urteotan Bankiarekin ezikusiarena egin du, nazioarteko erakunde askoren begipuntuan egon arren. Atzo, PPko buruak Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko buruari aritu zitzaizkion Bankiaren egoeraren errua botatzen.

Beste kontu bat da zer gertatuko den BFAk enpresetan dituen akzioekin: Mapfreren %15 du,Iberdrolaren %5,27, NH Hotelesen %15,7, IAGren (Iberia ohia) %12,1, Indraren (%20,13) ... Akzio horiek saltzea eta lortutako diruarekin bankua saneatzea izango litzateke logikoena, baina arazoa da haietako askok Bankiako partaideek erosi zituzteneean baino gutxiago balio dutela orain. Iberdrolan, esaterako, mila milioi euroko galera izango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.