Euroa

Banku batasuna izango da lehentasuna

EBko gobernuek alde batera utzi dituzte oraingoz Junckerren batzordeak euroa indartzeko eta batasun ekonomikoan sakontzeko egin dituen proposamen gehienak.

Jeroen Dijsselbloem jarduneko eurotaldeko presidentea eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, gaur goizean Bruselan euroari buruz egin den goi bileran. JOHN THYS / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko abenduaren 15a
17:53
Entzun

Atzo eta gaur egin den Europar Kontseiluaren barruan euroaren geroari buruzko goi bilera egitea zen asmoa. Hori dela eta, euroa indarrean duten hemeretzi herrialdeetako gobernuburuak ez ezik, Erresuma Batua ez beste kide guztiak parte-hartzera gonbidatuta zeuden. Bai Egonkortasun Ituna sinatu zutenak, eta baita ere sinatu ez zuten biak, Txekiar Errepublika eta Kroazia.

Pasa den astean Europako Batzordeak aurkeztutako proposamena izan dute mahai-gainean estatu kideetako gobernuek. Harrera hotza egin diote hiriburuetan Bruselak euroa indartzeko eta batasun ekonomikoan sakontzeko aurkeztu zuen bide orriari. Gaurko goi bilera prestatzeko egin zen eurotaldean argi geratu zen ez dagoela adostasunik batzordeak planetatu dituen berritasun nagusiekin aurrera egiteko. Ez Europarako Finantza superministro kargua sortzeko, ez eurogunean egonkortasuna bermatzeko finantzazio tresna berriak martxan jartzeko, eta ezta ere aurrekontu publikoei lotutako betebehar eta arauak sinplifikatzeko. 

Goi bileraren ondorioetan ere islatu da bide berritzaileenak aztertzeko ezetza. Horren ordez, banku batasunari lotutako gaiak lehenestea erabaki dute estatu kideek, eta horrekin aurrera nola egin eztabaidatzea izan da gaurko bileraren helburu nagusia. Martxoarako beste goi bilera bat deituko dute, eta ekainean berriro bilduko dira gobernuburuak. Ordurako lehen akordioak hartzea aurreikusi nahi zen, baina hori ere zalantzazkoa da. "Ikusiko dugu ekainean zenbat aurreratzeko gai garen", zehaztu du Jean Claude Juncker batzordeko presidenteak, kontseiluaren emaitzak azaltzeko agerraldian.

Hasiera batean, banku batasunaren azken urratsa izan beharko litzateke EB osoko gordailuak bermatzeko aseguru bateratu bat. Gaur egun, herrialde bakoitzak du bere herrialdeko bankuen gordailuak bermatzeko ardura, eta horrek lotura maltzurra sortzen du finantza publikoen eta banku krisien artean, Irlandan edo Espainian gertatu zen gisara. Hainbat herrialde -Alemania eta Herbehereak, esaterako- beste kide batzuekin arriskuak partekatzeko uzkur dira. Aldez aurretik bankuek hartzen dituzten arriskuak mugatzeko arau zorrotzagoak indarrean nahi dituzte. Besteak beste, finantza erakundeek balantzean duten zor subiranoaren truke erreserba gehiago jartzea eskatu dute. Proposamen hori ez zaie gustatu Parisen, Erroman edo Madrilen, herrialde bakoitzeko bankuak baitira zorpetze publikoaren erosle nagusiak, eta zor horren salmenta garestituko den beldur dira, arauak zorrozten badira.

Bankuak krisian sartzen direnean ESM erreskate funtsa azken kreditu emailea izatea eztabaidatzeko prest daude herrialdeak. baita ere erreskate funts hori eguneratu, eta horren ordez EDF Europako Diru Funtsa abian jartzeko. Funts berriak ez lituzke aldatuko orain artekoaren ahalmen ekonomikoa edo erabakiak hartzeko modua, baina batasuneko liderrek erabaki beharko dute aurrera begira funtzio gehiago bere gain hartzeko aukera izango ote duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.