Banku eta zerga arloko batasunean pausoak ematea eta politika ekonomiko bateratua egitea erabaki dute euroguneko buruek, "euroaren atzera bueltarik gabeko proiektu bat egiteko", Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak esan duenez. Bart lortu dute akordioa, Bruselan.
Estatuen kaltetan, Europak are ahalmen handiagoa izango luke horiek denak aurrera eramanez gero. Estatuen diru kontuak-eta ikuskatzean "azken erantzukizuna" Europak izango duela aitortu du Van Rompuyk.
Europako Kontseiluak, Europako Batzordeak, Eurotaldeak eta Europako Banku Zentralak orain programa bat egin beharko dute, urriko batzarrean egutegi zehatz bat onartzeko. "Zilegitasun demokratikoa" ere indartu nahi dute.
Bankuak zuzenean kapitalizatzea onartu du
Euroguneko agintariek bankuak zuzenean kapitalizatzea onartu dute, Espainiaren eta Italiaren eskariei baiezkoa emanez. Halaber, erreskate funtsak erabiliko dituzte merkatuen presiopean dauden herrialdeetako zorra erosi ahal izateko.
Zuzeneko kapitalizatze hori Europak bankuen ikuskatzaile bat duenean egingo da, EBZren inplikazioarekin.