Europako Batasuneko finantza erakundeek arazo handiak dituzte likidezia eskuratzeko. Bankuek dirua lortzeko arazoak badituzte, diru gutxiago uzten diete herritarrei eta enpresei, edo uzten dietena oso baldintza gogorretan. Egoera hori pixka bat arintzeko, munduko banku zentral nagusiek bat egin zuten atzo: merkatu egin dute bankuek dolarrak eskuratzeko ordaindu beharreko kostua. Zenbat? Oinarrizko 50 puntu. Neurria indarrean egongo da datorren astelehenetik 2013ko otsailera arte.
Erabakia Ameriketako Erreserba Federalak (Fed), Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Japoniako, Erresuma Batuko, Kanadako eta Suitzako banku zentralek hartu dute. Europaren kasuan, Fedek merkeago mailegatuko dizkio dolarrak EBZri, eta EBZk merkeago mailegatuko dizkie banku komertzialei.
Fedek eta EBZk antzeko erabakia hartu zuten duela bi hilabete, finantza erakundeei hiru hilabeterako dolarrak eskaintzeko. Neurri horrek arrakasta eskasa izan du, bankuek dolar gutxi eskatu dituzte.
Atzoko erabakiaren bitartez, Europako Batasuneko finantza erakundeen dolar premia arinduko dute batez ere. Hala ere, horrek ez du esan nahi erabakiak eragin zuzena eta berehalakoa izango duenik, eta herritarrei eta enpresei mailegu gehiago emango dizkiotenik. Zenbait analistaren arabera, EBZk hainbat erabaki har ditzake datozen egunetan, atzokoaz gain: alde batetik, bankuei euroak epe luzeagorako eskaintzea, maileguen gehienezko iraupena egungo hamahiru hilabeteetatik hiru urtera luzatzea; bestetik, interes tasak gehiago jaistea.
Banku zentralek atzo erakutsi zuten prest daudela zorraren krisiaren ondorioei elkarrekin aurre egiteko. Batasunak eta erabakiak %3tik gorako igoerak eragin zituzten munduko burtsa nagusietan: %4,98 Frankfurteko Dax indizean, %4,22 Parisko CAC-40n,%3,65 New Yorkeko Dow Jonesen, 53,96 Madrilgo Ibex-35en eta %3,16 Londresko Ftse-100en. Bankuek izan zituzten igoera handienak. Zor merkatuetan ere nabaritu ziren erabakiaren ondorioak. Espainiaren zorraren arrisku saria oinarrizko 400 puntutik jaitsi zen atzo.
Enpresen arazoak Gipuzkoan
Gipuzkoako enpresen finantziazio arazoak «nabarmen okertu dira» hilabeteotan. Zailtasunak dituzte oinarrizko gastuetarako eta inbertsioetarako dirua lortzeko. Ondorioz, hainbat inbertsio kolokan geratuko dira eta langileak kaleratuko dituzte. Hala esan diete enpresaburuek Adegiri, iragan astean egindako bileretan.
Banku zentralek bat egin dute, bankuek maileguen txorrota irekitzeko
Finantza erakundeek dolarrak merkeago eskuratu ahal izango dituzte 2013ko otsailera bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu