Banku batasuna finkatzeko bigarren urratsa adostu ezinik dabiltza oraindik Europako Batasuneko herrialdeak. Joan den urtean ikuskaritza bakarra eratzeko negoziazioekin gertatu zen gisara, bankuak berregituratzeko sistemarekin ere azken orduko hitzarmena lortzen saiatuko dira herrialdeak, hasiera batean heldu den asterako deituko den beste Ecofin kontseilu batean.
Atzo egindako bilera luzetik ez dira esku hutsik atera, hala ere. Oinarrizko akordioa itxi dute euroguneko bost herrialde nagusiek. Alemania, Frantzia, Italia, Espainia eta Herbehereak bat datoz oinarrizko printzipioetan. Akordio horrek, hala ere, ez ditu Europako Batzordearen nahiak asetzen, eta ez du, oraingoz, beste herrialdeen babesa lortu.
Oinarrizko akordio horrek nabarmen mugatuko du Bruselak aurkeztu zuen plan handinahitsua. Horren arabera, Europako Batzordeak izan behar zuen azken hitza finantza erakunde bat beregituratzea edo likidatzea erabakitzeko. Alemaniak ez du sekula aukera hori begi onez ikusi. Orain, proposamenak dio diru publikorik behar ez duten erabakien ardura izango duela Bruselak, baina funts publikoak jarri behar direnean, 28 herrialdeek bozkatu beharko dutela. Organo horretan Bruselak eta EBZk ordezkaritza izango dute, baina erabaki ahalmenik ez.
Faktura zeinek ordaindu behar duen izaten ari da beste puntu polemiko bat. Batzordeak igorri zuen proposamenean, funts bateratu bat eratzeari lehentasuna eman zitzaion. Alegia, Europako Batasuneko banku guztiek finantzatutako funts bakarra sortzea, eta hortik jartzea arazoak dituzten bankuak kapitalizatzeko dirua. Berriro ere, Alemaniaren erresistentziak helburu hori urardotzeko bidean jarri du. Hasiera batean, funts hori herrialdez herrialde martxan jarriko da. Hots, herrialde bakoitzak bere finantza sistemaren onbideratzea ordainduko du, edo funts horretako dirua erabilita edo gobernuak jarritako dirua baliatuta. Funts bateratu oso bat egotea onatu du Alemaniak, baina ez da 2025-2026 urtea arte indarrean egongo.
Michel Barnier EBko Barne Merkatuko komisarioak ez du ezkutatu bost herrialdek mamitu duten itunak ez datozela bat Bruselaren asmoekin. Baldintzetako bat EBko itunak eguneratzea izan liteke, eta horrek arazoak sor ditzake. "Europako parlamentuak, logikoa denez, Europa mailako irtenbideak nahiago ditu, eta akaso proposamen horrek ez du asebeteko, Batzordea asebetzen ez duen gisara".