Kutxen bateratzea. Mahai-ingurua Martin Ugalde Kultur Foroan

«Bankuak jabearen kolorea hartzen du; gurea banku soziala izango da»

Xabier Iturbe Kutxako presidentearentzat garrantzitsuena ez da bat-egitearen emaitza formala, kudeaketa ona baizikBBKren, Kutxaren eta Vitalen bat-egiteaz hitz egin dute Martin Ugalde Foroan

Aranburu moderatzailea, Iturbe Kutxako lehendakaria, Urkiola LABeko finantza arduraduna eta Zelaia EKAI Centerreko lehendakaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate - Jakes Goikoetxea
Andoain
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egin eta Kutxa Bank sortuko dute, baina «banku soziala» izango da, Xabier Iturbe Kutxako presidentearen esanetan. Finantza negozioa banku batera pasako dute, banku izaera izango du, baina Iturbek nabarmendu zuen, izatez, fitxa bankarioa neutrala dela: «Bankuak jabearen kolorea hartzen du. Jabeak kutxak izanda, gurea banku soziala izango da». Iturberentzat ez da hain garrantzitsua bat-egitearen emaitza bankua izatea, «ondo kudeatzen bada». Bankua, beretzat, tresna bat baino ez da.

Martin Ugalde Foroak kutxen bat-egiteari buruzko mahai ingurua egin zuen atzo arratsaldean Andoainen (Gipuzkoa). Hiru hizlari izan ziren: Xabier Iturbe Kutxako presidentea, Joxean Urkiola LABeko Finantza arloko arduraduna eta Adrian Zelaia EKAI Center ikerketa sozioekonomietarako zentroko lehendakari exekutiboa.

Urkiolak eztabaidarako aukera eskertu zuen. Halako proiektu bat eztabaidarik gabe egin dela salatu zuen. Urkiola kutxak banku bihurtzearen kontra dago. Beretzat, banku bihurtzea ez da aldaketa soila. Haren hitzetan, hiru kutxek beste kutxa batean bat egiteko aukera zegoen. «Zergatik banku bihurtu kutxek kapitalik behar ez badute?», galdetu zuen.Iturbek erantzun zion Espainiako Bankuaren araudiak horretara behartu dituela, Espainiak aurrezki kutxak desagertzeko konpromisoa hartu zuela Europan eta bat-egitearen eredu honek Vital barneratzeko aukera eskaintzen duela.

«Azkeneko hiru urteetan ez dugu bat egin Araban ez delako adostasun politikorik lortu», esan zuen. Bat eginda ere, Vitali eutsi nahi zioten. «Lege aldaketarekin konturatu ginen posible zela finantza negozioa bateratzea eta bakoitzak bere markari eustea».

Hiru kutxetako arduradunek hitzartutako bat-egitea eta Bildurekin hitzartu ostekoa ezberdinak izango direla nabarmendu zuen Urkiolak, pribatizazioari ateak itxi dizkiolako, gizarte ekintza bermatu duelako eta langileei negoziazio kolektiborako eremu geografikoa aukeratzea ahalbidetuko dielako.

«Akordio oso interesgarria lortu dugu gizarte osoarentzat», Urkiolaren esanetan. «Orain ziurtatuta dago kutxa batek zati bat saltu nahi badu, azkenean, hiru kutxetako batzarrek onartu behar dutela salmenta». Berez, gainerako kutxek izango dute akzioak erosteko lehentasuna, baina nahi edo ezingo balute, batzarren esku geratuko litzateke kanpoko norbaiti saltzeko aukera.

Tamainaren garrantzia

Tamainari buruzkoa izan zen atzoko eztabaida nagusietakoa. Iturberen esanetan, merkatuan aritzeko gutxieneko tamaina bat behar da eta bankan gutxieneko tamaina hori gero eta handiagoa da. «Daukagun tamainarekin Euskal Herria txikiegia geratu zaigu», esan zuen. «Txoria handitzen ari da eta kaiola txikiegia geratu zaio». Iturbek gogoratu zuen Kutxaren negozioaren erdia Gipuzkoatik kanpo sortzen dela.

Ezetz erantzun zion Urkiolak, Kutxa Banki Euskal Herria ez zaiola txikiegi geratu. «Kutxa Bankek Euskal Herriari begiratu behar dio», LABeko ordezkariaren iritziz.

Bezeroek, Zelaiaren iritziz, finantza erakundeen tamaina baino gehiago, kaudimena baloratuko dute etorkizunean.

Kutxako presidenteak onartu zuen epe motzera ez dela beharrezkoa kutxek bat egitea, baina bai luzera begira, proiektua bermatzeko.

Zelaiak zehaztu zuen ez dela gauza bera banku indartsua eta banku handia: «Guk banku ona eta indartsua behar dugu, finantza merkatuetako ekaitzei aurre egiteko». Espainian banku txarrez osatutako banku handiz beteta dagoela gogoratu zuen.

BBK, Kutxa eta Vital Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban errotuta daude. Bat egin ostean kanpora ere begiratuko dute, bai inbertsioak egiteko, bai beste finantza erakundeak bereganatzeko.

Cajasur eta gehiago

BBK-k CajaSur eskuratu zuen, eta Iturbek erosketa hura babestu zuen atzo, CajaSurrek merkatuaren zati handia duelako Kordoban (Andaluzia, Espainia). Kutxa Bankek estrategia ere antzekoa izango da. Eskuratzekotan, merkatuaren zati handia duten finantza erakundeak eskuratu beharko ditu, Iruberen arabera: «Erakutsi dugu gai garela kuota horiei eusteko eta baita handitzeko ere».

Ekonomia errealari lotuta egoteko eskatu zuen Zelaiak, ekonomia errealari lotuta dauden finantza erakundeen egoera baita onena. «Errotutako finantza erakundeak banku pribatuak baino hobeto daude krisiaren aurrean, ekonomia errealari, familiei eta enpresei lotuago daudelako». Inbertsiorako aukerak bilatu eta baliatu bai, baina kanpora zabalduta ere, «oinak lurrean» izateko eskatu zien Kutxa Banken arduradunei. «Gauza bat da sustraiak non dauden, eta beste bat adarrak non dauden», gehitu zuen Iturbek.

«Neutraltasuna»

Iturbek aipatu zuen «neutraltasuna» dela bat egitearen filosofiaren oinarria: neutraltasuna langileen lan baldintzetan, «langileek eskubideei eta obligazioei eustea»; neutraltasuna gizarte ekintzan; neutraltasuna fiskalitatean, probintzietako zerga bilketan desorekarik ez eragiteko; eta neutraltasun «garrantzitsuena eta zailena», funtzionamenduan eta erabakiak hartzeko orduan.

Kutxek bat egingo zutela jakin ostean, agintaritza organoetan ezker abertzaleko ordezkariak propio baztertuko zituztela zabaldu zen. Arantza Urkaregi BBK-ko ezker abertzaleko ordezkariak zuzenean galdetu zion Iturberi ea pentsamolde ezberdinetako ordezkariak egongo diren aginte organoetan, administrazio kontseiluan. Iturbek erantzun zion baietz, «nola ez», kutxen batzar nagusiek hautatuko dituztela administrazio kontseiluko kideak. «Hori bai», zehaztu zuen, «profesionalak eta prestigiodunak izan behar dute».

Urkiolak hain zuzen, aipatu nahi izan zuen ezker abertzaleak, «orain arte baztertutako sektore politiko batek», halako akordio batean parte hartu duelako: «Norbait konturatu da Bilduk ordezkatzen duen sektorea ere aintzat hartu behar dela eta halako erronkei aurre egiteko prest gaudela». Ez da azkena izango, ez behintzat Bilduren esku badago. «Hau prozesu baten lehen urratsa izango da», gehitu zuen Urkiolak. «Hemen gaude eta hemen egongo gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.