Zorraren krisia. EBZren enkantea

Bankuei dirua barra-barra

Bigarren enkantean, 529.000 milioi euro maileguan utzi dizkie 800 finantza erakunderi, hiru urtera eta %1eko tasarekinBankuei denera bilioi bat euro utzi arren, ez da erabiliko ekonomia erreala finantzatzeko

joxerra senar
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentetzara iritsi geroztik, dirua barra-barra banatu die finantza erakundeei. Abenduan, 490.000 milioi euro utzi zien maileguan oso abantaila onean —hiru urterako amortizazio epearekin eta %1 interes tasan—; atzo, berriz, beste 529.000 milioi utzi zizkien baldintza beretan. Guztira, bilioi bat eurotik gora. Diru merke eta errazak erakarrita, oraingoan abenduko enkantean baino 270 finantza erakunde gehiagok jo dute azken enkantera; 800 bankuk, alegia.

Operazioaren izenak —Epe Luzera Berfinantzatzeko Operazioa— aditzera ematen duen legez, EBZren ezohiko mailegua batik bat bankuek euren zorra berfinantzatzeko baliatuko dute. Izan ere, aurten euroguneko bankuek 700.000 milioi euro adinako zorra kitatu behar dute, eta hartara, diru hori primeran etorriko zaie betebehar horri aurre egiteko. Mailegua 2015erako otsailaren 26rako itzuli beharko duten arren, urtebetean itzultzeko aukera ere izango dute.

EBZk bilatzen du mailegu horren beste zatia euroguneko herrialdeen zor tituluak erosteko baliatzea. Abenduko enkantean bankuek diru hori hainbat herrialdetako zorra erosteko baliatu zuten, eta eskaria handitzearekin batera interes tasak ere jaisten joan dira hilabeteotan. Adibidez, Espainiako bankuek hiru hilabeteotan %29 handitu dute herrialdeko bonoen erosketa, eta hamar urterako bonoaren interes tasak, kasu, ia neurri berean merkatu dira: %6,5etik %4,99ra.Italiako bankuek, berriz, %13 handitu dute zorraren erosketa, eta interes tasak %7,23 arriskutsutik %5,13 eramangarriago batera jaitsi dira.Hain justu ere, Italiako (%25) eta Espainiako (%16) bankuak izan ziren abenduko enkantetik diru gehien hartu zutenak eta 40.000 milioi euro zorra erosteko baliatu zuten.EBZtik diru gehien ateratzen (%14) hirugarrenak Frantziako bankuak izan ziren abenduan.

EBZren maileguen zati bat zorra erosteko baliatzeak oso marjin errentagarriak eskaintzen dizkie bankuei, baina, datuek erakusten duten legez, gutxienez EBZren neurri horrek balio izan du zor merkatuetako presioa arintzeko. Kontuan hartu behar da Alemaniak, Bundesbank-en gidaritzapean, oso begi txarrez ikusi duela EBZk zuzenean Euroguneko herrialdeen zorra oso kopuru handitan erostea.

Bazuka eta Big Bertha

Modu horretan, Draghik iskin egin dio Bundesbanken mesfidantzari eta zuzenean herrialdeen zorra erosi ordez, bankuei mailegatu die dirua, horiek zorra erosi eta interes tasak jaisten joan daitezen. Draghik duela egun gutxi Alemaniako hedabide bati eskainitako elkarrizketan adierazi zion komunikabideek eta merkatuek jaramon gutxi egin ziotela hasiera batean abenduko enkantearen iragarpenari, garai hartan mundu guztiak bazuka erabiliko ote zuen zain zegoelako —banku zentral batek zorra kopuru handitan erosteari bazuka erabiltzea deitu ohi zaio—: «Beharbada, iragarri nuenean, Big Bertha deitu izan banio, mundu guztiak jaramon gehiago egingo zidan», gaineratu zuen ironiaz —Big Bertha Lehen Mundu Gerrako obusmota bati deitzen zitzaion—.

Alabaina, hiru hilabeteotan, agerian geratu da bilioi bat euro horiek ez direla erabiliko bankuek ekonomia errealari kreditua ematea errazteko. EBZk duela gutxi enpresen eta sendien artean egindako inkesta batek baieztatu du bankuek kreditua emateko baldintzak arindu beharrean gogortzen ari direla apurka. Gainera, maiz aipatzen ez bada ere, eurogune osoko herrialdetan zor pribatu handia dago, eta enpresak zein sendiak, bakoitzak bere neurrian, zor hori murrizten joateko prozesuan murgilduta daude aspaldi honetan.

Bankuen zailtasunak

LTRO operazioak batez ere Euroguneko finantza sistemaren zailtasun handiei erantzuten die. Etxebizitza merkatuari lotutako kredituak direla, oraindik ere irentsi gabeko AEBetako subprime hipotekei lotutako produktuak direla, zor subiranoari lotutako galerak direla edo Europako agintariek ezarritako kapital irizpide zorrotzagoak direla, arazo handiak pilatzen dituzte, eta denbora behar dute hori guztia orekatzeko. Horregatik, denbora irabazteko ahaleginari erantzuten dio enkanteak. Alabaina, jada, atzerriko inbertitzaile batzuk hasi dira galdetzen zer gertatuko den bankuek hiru urte barru diru hori itzuli behar dutenean.

Ez da ahaztu behar, iaz zor krisiak tentsio handiak eragin zituelaeta eurogunetik kanpoko inbertitzaile pribatuek finantza merkatuetatan inbertitzeari utzi ziotela, likidezia arazo larriak eraginez Europako erakundeei.Hartara,inbertitzaile pribatu horiek utzitako tokia ordezkatzera dator EBZ. Konfiantza berreskuratzen den heinean, atzerriko inbertitzaileak itzul daitezke, baina bitartean, EBZk mailegatutako bilioi bat euroei esker, lasaitasuna eskuratu dute.

Inork ez daki hirugarren enkanterik egongo ote den. EBZk ez du ezer esan, eta ziurrenik horregatik, bigarren enkantera ia 300 banku gehiagok jo dute.

Zalantzak daude, zer eragin duen EBZren balantzean. Enkanteoz harago, EBZk dirua mailegatzearen truke milaka milioi euroko aktiboak hartu ditu bere gain. Honez gero, 2,7 bilioi bat euro ditu, eta zalantzan dago aktibo horietako batzuk galerak eraginez gero, egungo kapitala (80.000 milioi eurokoa) nahikoa izango ote duen. Banku zentral batek beti inprimatu dezakedirua, baina kasu horretan, ordaina inflazioa litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.