Bankuek kapital handiagoa beharko dutela hasi da onartzen Europa

Finantza tratuei tasa bat jartzeko ekimenaren inguruan banaturik jarraitzen dute EBko herrialdeek

Ivan Santamaria.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Denetarik entzun zuen Christine Lagarde NDFko presidenteak ideia bota zuenean, baina zorraren krisiari aurre egiteko bankuak indartzea beharrezkoa izango delako ideia bidea egiten hasi da Europako agintarien artean. Finantza erakundeek kapital handiagoa behar dutela ontzat jo arren, inork ez ditu diru kopuru zehatzak edo epeak jarri nahi.

Bi egunez bilera informala izan dute Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek Wroclawn (Polonia). Bezperan Greziako erreskateareakin gertatu zen gisara, batzarrean ez zuten inolako akordiorik egin, eta parte hartzaileek argi utzi zuten ez zela erabakiak hartzeko bilkura bat.

Finantza erakundeen egoerari buruz zorrotz mintzatu zen Anders Borg Suediako finantza ministroa bilera amaitu ondoren. «NDFk oso argi esan du. EBko finantza sistemak bere mugak hobetu behar ditu, eta hori, batez ere, kapital kontua da». Hasiera batean bankuek 200.000 milioi euro beharko zituztela zabaldu zuen NDFk, baina kopuru hori ez dela aintzat hartu ziurtatu zuen Elena Salgado Espainiako hirugarren presidenteordeak eta Ekonomia ministroak. «Ez dago kapital kalkulurik».

Greziak porrot egin eta zorraren parte handi bat ordaindu gabe uzteko arriskuak ondorio desatseginak izan ditu azken hilabeteotan kontinente osoko bankuentzat. Balantzeetan erakundeek duten zor subiranoari begira jarri dira merkatuak, eta banku gehienen balioa nabarmen jaitsi da burtsetan uztailaz geroztik. BNP Paribas, Societe Generale eta Credit Agricole Frantziako bankuen akzioek kolpe gogorra jaso dute, bereziki. Europako bankuek dolarretan behar duten likidazioa bermatzeko esku hartze bateratua egin du asteon EBZk munduko banku zentral nagusiekin.

Probak sendotu

Uztailean finantza erakunde nagusiei estres testak egin zizkien Europako Banku Agintaritzak. Oso erakunde gutxik ez zituzten gainditu, baina sendotasun itxura horrek gutxi iraun du merkatuetan. Ildo horretatik, sistemarentzat bereziki garrantzitsuak diren erakundeen test zorrotzago batzuen alde mintzatu zen Salgado. «Ondorio nagusia da martxan diren erreformak azkartu behar direla eta agintaritzen ikuskaritza indartu behar dela».

Tobin tasan, akordiorik ez

Oraingoz, mundu osoko bankuak Basilea III arau berrira egokitzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, baina 2019. urtea arte ez da amaituko. Salgadoren ustez, kapitala «apurka» handitu behar dute bankuek helburura gerturatzeko.

Bestalde, finantza tratuei tasa bat ezartzeko proposamena aztertu zuten ministroek berriro ere. Orain arteko ezadostasunak bere horretan jarraitzen du. Alemania eta Frantzia ari dira ekimena bultzatzen, eta Austria eta Espainia ados daude. Haatik, indarrean jartzeko, traba ugari ditu. Eurogunean Italiak ez du babesten, eta Europako Batasunean Erresuma Batuko gobernua ere kontra du. Espekulazioa trabatzeko asmoz zerga globala ezartzeko proposamenak indarra galdu du, AEBek errefusatu ondoren.

Batzarraren amaiera ordubete aurreratzea erabaki zuten ministroek. Arrazoia? Wroclawn deituta zegoen manifestazioaren orduarekin bat ez egitea. Europarren arteko elkartasunari baietz esateko eta murrizketei kontra egiteko, euromanifestazio bat antolatu zuen Europako Sindikatuen Konfederazioak. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagunek parte hartu zuten mobilizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.