Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an eman zuen epaia ontzat eman du Paolo Mengozzi Europako Batasuneko abokatu nagusiak. Gorenak ebatzi zuen zoru klausulak baliogabeak direla, baldin eta maileguen baldintzetan argi eta garbi islatzen ez badira bankuek hipoteketan gutxieneko irabazia bermatzeko ezartzen dituzten neurri horiek. «Gardentasuna» ezinbestekoa dela erabaki zuen Gorenak, finean. Baina garbi utzi zuen bankuek ez dutela dirurik itzuli behar ere, ez zegoela atzera eraginkortasunik, alegia. 2009an sinatutako mailegu batean, ez zen ordutik 2013ra arte zoru klausulak eragindako gainkostua itzuliko, beraz.
Europako Batzordeko zerbitzu juridikoek EBko Justizia Auzitegira jo zuten, uste dutelako gainkostu hori hipoteka sinatu zen egunetik gaur arte itzuli behar dela. Auzitegiak ez du erabakirik eman oraindik, baina EBko abokatu nagusiak Auzitegi Gorenaren erabakia berrestearen aldeko jarrera azaldu du. Urte amaierarako espero da goi auzitegiaren behin betiko erabakia: aldeek, baina, badakite EBko fiskalen irizpidearekin bat egiten duela auzitegiak sarritan.
"Ondorio makroekonomikoak" argudiatu ditu Mengozzik zoru klausulei esker bidegabe kobratutako diruaren ordainketa soilik 2013tik aurrera mugatzeko. Ez kasualitatez. Izan ere, EBk kaltetuei arrazoia emango balie, bankuek 7.600 milioi jarri beharko lituzkete ordainketa horri aurre egiteko. Erabakiak berebiziko mina egingo lieke bankuei, urte bukaerako kontuak hankaz gora jarriko lizkiekeelako. Sekulakoa litzateke kolpea, erreskatea luzatzeko adinakoa kasik, adituen arabera.