Europako Batasuneko Finantza Ministroek oinarrizko akordio bat lortu dute bankuei eskatzen zaizkien kapital betebeharrak indartzeko. Azkenean, aho batezko babesa lortu du itunak, eta orain lortutako adostasuna arau batean bildu eta Europako Parlamentuak onartzea falta da.
Finantza erakundeen kaudimena arautuko duen nazioarteko akordioa — Basilea III — Europako 8.300 bankuen egoerara egokitzea da neurriaren helburua. Hasieratik bi jarrera ezberdindu dira Europako Batasunaren baitan. Alde batetik, Erresuma Batuak eta Suediak betebeharrak gogortzeko eskumena defendatu dute. Beste alde batetik, Alemaniak eta Frantziak kapital eskaera lausoagoak exijitu dituzte.
Eztabaida gogorrak izan dira. Joan den maiatzaren 2an hamasei orduz bilduta egon ondoren, adostasunik lortu gabe amore eman zuten Finantza ministroek. Erdibideko konponbide batek lortu zuen hurbilketa: kapital eskaera orokorrak Basilea III akordioak agindutakoan geratuko dira, baina herrialde bakoitzak edo EBk aukera izango dute, egoeraren arabera, eskaera zorrotzagoak indarrean jartzeko.
2018. urterako EBko finantza erakunde guztien oinarrizko kapital mailak %8 gainditu beharko du. Erreforma guztien ondoren dagoeneko Espainiako finantza sisteman dauden bankuei eskatzen zaien maila da, esaterako. Maila goreneko kapital eskaera — Tier 1 — arriskuaren araberako aktiboen %2tik%4,5era igoko zaie.
Horrekin batera, gobernu bakoitzak kapital beharrari %3 gehitzeko aukera izango dute bankuek herrialdean, nazioartean edo EBko beste bazkideetan dituzten arriskuak estaltzeko. Kopuru hori %5era igo ahalko dute herrialdeko eta EBtik kanpoko arriskuak estaltzeko, Europako Batzordearen baimenik gabe.
Gordailu berri horien helburua balizko galerei aurre egitea da, eta aurreikusita zeuzkaten beste bi gordailuri gehituko zaizkie. EBko banku guztiei eskatzen zaiena (%2,5), eta antiziklikoa, herrialde bakoitzak erabakiko duena, baina gehienez ere arriskuaren %2,5 estaliko duena.
Herrialde bakoitzari eskaerak gogortzeko utzi zaizkion aukerak nahikoa izan dira Erresuma Batuaren nahiak asetzeko. EBZk eta Europako Banku Agintaritzak, eta Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak, ordea, oreka falta sumatzen dute hitzarmenean, eta uste dute hainbesteko malgutasunak arriskuan jarri dituela arau bateratuak.
Bankuen kapital egoera indartzeko oinarrizko ituna lortu du EBk
Orain arteko blokeoa gainditzeko malguegi jokatu dela ohartarazi dute EBZk eta Europako Banku Agintaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu