Bankuetako gordailuetatik ateratako diruak goia jo du uztailean Espainian

Inbertitzaileek, enpresek eta herritarrek 74.225 milioi euro atera dituzte, ekainean baino %4,7 gehiago

jakes goikoetxea
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bezeroek 1,508 bilioi euro zeuzkaten Espainiako finantza erakunde pribatuetako gordailuetan uztailean. Uztailean baino %4,7 gutxiago. 1997ko irailetik izandako jaitsierarik handiena da; diru kopurua, berriz, 2008ko maiatzetik apalena da. Laugarren jaitsiera da jarraian. Dirutan, inbertitzaileek, enpresek eta herritarrek 74.225 milioi euro atera zituzten finantza erakundeetatik, Europako Banku Zentralaren (EBZ) datuen arabera. Euroguneko beste herrialde batzuekin alderatuta, jaitsiera nabarmena da: Italian %0,22 gutxitu dira, eta Grezian, berriz, %2 gehitu.

Uztailean gordailuetatik ateratako diru kopurua aurreko gehienezko kopurua halako bi baino gehiago da. 33.157 milioi euro izan ziren aurtengo maiatzean. Bezeroek 206.990 milioi euro atera dituzte gordailuetatik urtebetean, eta finantza erakunde pribatuek iazko uztailean baino %12 diru gutxiago daukate gordailuetan.

Espainiako Gobernuarentzat, kopuruak ez dira «adierazgarriak». Hiru eurotik bi inbertitzaile instituzionalek —titulizazio funtsek— atera dituztela esan diote Espainiako Bankuko iturriek Europa Press agentziari. Enpresek eta herritarrek atera dituzte hiru eurotik bat. Espainiako Bankuak uste du zergak ordaintzeak eta oporretako gastuek eragin dutela gordailuetako diru kopuruaren jaitsiera. Sasoian sasoiko faktoreek, alegia.

BPGa %1,3 uzkurtu da

Ez zen atzoko datu txar bakarra izan Espainiarentzat: herrialdeko barne produktu gordina (BPG) %0,4 uzkurtu da lehenengo hiruhilekotik bigarrenera, eta %1,3 iazko bigarren hiruhilekotik, martxotik ekainera kontsumoa %1 jaitsi delako batez ere. Gainera, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) datuak berriz aztertu ditu, eta orain esan du Espainiak urtebete daramala atzeraldian.

INEk aldatu egin ditu BPGaren 2010eko eta iazko hazkundeak. Horrek eragina izan dezake defizit publikoaren eta zor publikoaren kopuruetan. Jimenez Latorreren ustez, oraindik ezin da jakin aldaketa horiek Espainiako Gobernua defizit helburua aldatzera behartuko duten. Indarrean dagoen helburua BPGaren %6,3koa da.

Espainiak erreskatea eskatuko al du? Mariano Raxoi gobernuko presidenteak atzo ez zuen aukera baztertu. Raxoik eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak atzo Madrilen esan zuten ez direla ari erreskatea negoziatzen.

Espainiaren arrisku saria 514 puntuan dago. Uztaileko 639 puntuetatik urrun, baina 500 puntutik gora oraindik ere. Inbertitzaileek %6,48ko interesa eskatzen diote hamar urterako zor bonuen truke zorraren bigarren mailako merkatuetan.

Atzo zorraren interesak nabarmen jaistea lortu zuten, bai Espainiak, bai Italiak. Espainiako Altxorrak 3.600 milioi euro jaulki zituen hiru eta sei hilabeteko letratan. Hiru hilabetekoetan, interesa %0,988 izan zen —%2,65 uztailean— eta sei hilabetekoetan, %2,1 —%3,95 uztailean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.