“Ez da lehenego aldia ni jarduera pertsonalagatik salaketa jartzen dutena eta auzia galtzen dutena epaitegietan”. Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak “oso argi” dauka Kontuz plataformak ez duela arrazoirik eta ukatu egin du pribilegiozko informaziorik baliatu duela. “Oso ziur nago auzia irabaziko diodala ezker abertzaleari”.
Haren esanetan, Navarra Building enpresan egindako inbertsioan ez zuen informazio pribilegiodunik baliatu. Navarra Building CANek berak sortutako enpresa da, eta 2009 amaieran bere kapitalean parte hartzeko eskaintza egin zitzaien finantza erakundeko bezero jakin batzuri, Barcina tartean. Navarra Buildingek kutxaren 25 bulego erosi zituen, ondoren CANi alokatzeko, eta bere akziodunei hamabost urteko epean batez beste urteko %6ko errentagarritasuna eskaini zien. Ustez, Barcinak 50.000 euroko inbertsioa egin zuen, Navarra Buildingen kapitalaren %0,23.
Barcinak ukatu egi du hori informazio pribilegioduna dela. “Hala izan balitz, ez nintzateke sartuko gaur egun jada debaluatua dagoen inbertsio batean. Inbertsio hori ehunka eta ehunka herritarrei eskaini zitzaien”, arrazoitu du. Alta, CANek 2009 amaieran egindako eskaintzaren dokumentazioak berak zehazten du “izaera konfidentziala” zuela: CANek bezero talde jakin bati egiten zion eskaintza, “eurek bakarrik erabil” zezaten.
Maria Paz Benito epaileak, berriz, atzo Enrique Goñi eta Miguel Sanzen aurkako salaketa tramiterako onartu izana “normaltzat” jo du Barcinak. Konbentzituta dago “kudeaketaren errealitatea” azaldu ahalko dela. “Ez dut inongo zalantzarik kutxan legalitatearen arabera egin dela dena. Halaxe esan digute abokatu guztiek”, esan du. “Zein ondo epaitegietan ikertuko dutela dena eta ez parlamentuan ikerketa batzorde batean. Hara iristen diren guztiak epaituak edo aurrez epaituak dira, daturik gabe, baloraziorik gabe. Honek frogatzen du ikerketa batzorde batek ez zuela zentzurik”, gaineratu du.