Barcinak eskerrak eman dizkio Estatuari BEZaren akordioarengatik

Nafarroak ituna egin du Espainiako Gobernuarekin, VWen autoen BEZaren zati txiki bat baizik ez itzuli behar izatekoNegoziazio luzeak egin dituzte UPNk eta PSNk 54 milioiren murrizketak zehazteko

Miranda, Jimenez eta Barcina, Parlamentuan. L. FDEZ. ARROIABE /  ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari, Volkswagenek ordaintzen duen BEZaren harira akordioa lortzeagatik. Itun horri esker, Nafarroak ehunka milioi euro aurreztu ahal izango ditu. Hain zuzen ere, dirua aurrezteko edo gehiago biltzeko neurriei buruz bilera luzea izan zuten atzo Nafarroako Gobernuko bi partaideek —UPNk eta PSNk—, baina emaitzarik ez zegoen iluntzean.

Goizean hasi zen gobernuko bi bazkideen arteko bilera horretan hartu zuen parte Barcinak, baina arratsalde hasieran eten egin zuten, presidenteak Parlamentuan hainbat galderari erantzun behar zielako. Agerraldi horretan, Barcinak onartu egin zuen Estatuak mesede handia egin diela VWek esportatutako autoen BEZaren zatirik handiena bere gain hartuta. «Nafarroako Ogasunak bere gain hartu beharko lukeen eragin handia biguntzen du», aitortu zuen. Nahiz eta Estatuaren kutxak ere «zailtasun handietan» dauden, presidenteak ez zuen azaldu zergatik edo zeren truke onartu duen Madrilek ituna. Logikak dioen arren Nafarroari dagokiola VWek pagatzen duen BEZa itzultzea —esportatutako produktuak saltzen diren lekuan pagatzen dute zerga hori—, Nafarroak urtero 25 milioi besterik ez ditu itzuli beharko, Estatuak jartzen duenaren hamarren bat, gutxi gorabehera.

UPNk eta PSNk arindua azaldu dute akordioarengatik. «Ituna ona da Nafarroarentzat. Gobernuak lan ona egin du», esan du Juan Jose Lizarbe sozialisten bozeramaileak. PPk goraipatu egin du «Foru Komunitateari berriro leialtasuna eta laguntza» eskaini izana.

Abertzaleen kezka

Abertzaleak, berriz, ezkor mintzatu dira. Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaileak ziurtatu du «Nafarroaren zerga bideragarritasuna Madrilen menpe» dagoela, eta kezkatuta azaldu da Estatuari «mesede bat» zor diolako. Bilduko Maiorga Ramirezek, berriz, uste du Nafarroaren subiranotasun ekonomikoaren «ahultasuna» agerian geratu dela, eta «azken hitza Estatuak duen ustekabeek» baldintzatzen dutela.

Behin BEZarena konponduta, ikusteko dago zer gertatuko den Nafarroaren aurtengo kontuekin. Duela bi aste, Gobernua osatzen duten bi alderdiek atzora arteko epea eman zioten euren buruei 54 milioi euroko gastu doikuntza nola egingo zuten erabakitzeko. Astearteko bilera luzea akordiorik lortu gabe amaitu ondoren, atzo zuten berriro hitzordua, luzea hura ere. Berri hau idaztean, artean ez zegoen garbi ados jarri ote ziren. Ofizialki, Barcinaren adierazpen bat bakarrik zegoen: elkarrizketak «oso ongi» zihoazela eta akordioa espero zuela baino ez zuen esan.

Eztabaidagai nagusietako bat amnistia fiskalarena zen. Espainiako Gobernuak aukera eman die dirua aitortu ez dutenei edo atzerrian dutenei %10eko zerga baten bidez zorra barkatzeko. Neurriaez duela gustukoa esan zuen atzo berriro Barcinak, baina ez zuen baztertu, bere kutxetan dirua sartzeko baliagarria izan daitekeen neurrian. PSNk, berriz, oso modu garbian ziurtatu du bera kide den gobernu batek ez duela inolaz ere amnistia fiskalik onartuko. Azken egunotan, ordea, alderdi sozialistako buruak isilago izan diren kontu horri buruz.

Mahai gainean dagoen beste afera bat langile publikoen lanaldiaren luzapena da: PSNk ez du nahi eta UPNk, aldiz, bai.

Aurreikuspen ekonomikoen okertzeak ekarri du 54 milioi euroko doikuntza: aurrekontuak egitean %1,9ko hazkundea espero zuen Iruñeko gobernuak, eta %1,2ko atzeraldia orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.