Hitzarmen Ekonomikoa

Barkos: "Nafarroak ez du gutxiago ordainduko, dagokiona baizik"

Espainiako Gobernuarekin 2015-2019 eperako ekarpena berritu ostean, Mikel Aranburu kontseilariak zehaztu du Madrilek itzuliko dizkien 215 milioi euroak zorra amortizatzeko eta altxortegia hobetzeko erabiltzera behartzen duela legeak.

Uxue Barkos eta Mikel Aranburu. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko abenduaren 28a
07:53
Entzun

Atzo Madrilen izenpetutako akordioa esku artean zutela agertu dira komunikabideen aurrean gaur goizean Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria. Barkosek azpimarratu du "bidezko akordioa" dela eta "arduraz" jokatu duela. "Nafarroari finantza egonkortasuna ematen dio, eta haren etorkizuna bermatzen du". Legealdi osoan oposizioak emandako mezu apokaliptikoen aurrean, Barkosen ustez, "akordioak erakutsi du Nafarroa ez dagoela arriskuan".

Mikel Aranburuk gogoan hartu du negoziazio zaila izan dela. Izan ere, haren esanetan, aurrean Espainiako Gobernua izanik, "elkarrizketa bi aldeen artekoa da, baina ez da parez parekoa". Hala ere, Barkosek nabarmendu du bi aldeak irabazten atera direla amaieran.

Kritikoa izan da, ordea, bidean "parlamentuko talde batzuek" erakutsitako jarrerarekin. Hala, izena aipatu gabe, UPN kritikatu du "aurrekaririk gabeko erabilera alderdikoia" egin duelako. Izan ere, duela urtebete Jose Javier Esparzak Madrilen tesiarekin bat egin zuen, eta Nafarroari gehiago ordaintzeko exijitu zion Nafarroako Gobernuari. Azken egunetan, akordioaren atarian, Diario de Navarra-ri informazioa eman diola iradoki du: "Ez zegokion protagonismo politikoa bilatu du".

Akordioaren xehetasunak

Bi gobernuek 2015eko ekarpen likidoa 510 milioi euroan zehaztu dute. Dena den, kopuru horretan, sektore elektrikoaren gaineko zergaren bilketaren likidazioa sartu dute. "Aurreko bost urtekoan, ez dakit zergatik, erabaki zuten Nafarroak diru hori modu berezian egitea", azaldu du Aranburuk. Hartara, kontabilitateari begira, 30 milioi euro horiek kenduta, 479,9 milioi euroan geratu da ekarpena.

Zifra horren garrantzia azpimarratu dute Aranburuk eta Barkosek. Batetik, 2010ean UPNren gobernuak hitzartutakoa baino apur bat gutxiago delako, eta, bestetik, Ogasun Departamentuak negoziazio honi begira landutako txosten batek proposatutako kopuruen barruan dagoelako. Txosten horretan, hain zuzen ere, lehen aldiz bi administrazioek partekatutako "ehunka edo milaka aurrekontu sailen" azterketa egin dute, eta etorkizunera begira ekarpenaren kalkulua hitzartzeko oinarria jarri. "Nik 37 urtean ez dut halako azterketarik ikusi", nabarmendu du Aranburuk.

Gainera, erregaien gaineko zeharkako zergaren joan-etorriak hitzartu dituzte.  Espainiako eta Nafarroako gasolindegietan kontsumitu eta bildutako diruaren joan-etorriak estimazio baten arabera egin dira orain arte. Orain, diru horren joan-etorriaren berri zehatz-mehatz izan dezakete bi administrazioek, eta konparazioak ezuste atsegina utzi dio Nafarroari: urtero 25 milioi euro inguru pagatzen zituen, ustez Espainian erregaia kontsumitzen zuten Nafarroako ibilgailuen kopurua Nafarroan erregaia kontsumitzen zuten Espainiako ibilgailuena baino handiagoa zelakoan. Hartara, datuek erakutsi dute alderantziz dela, eta, horregatik, aurten 69,5 milioi pagatuko ditu Madrilek. Aurrera begira ere, garrantzitsua da aldeko doikuntza uzten duelako.

Funtsean, 2015. eta 2016. urteengatik 215 milioi euro itzuliko ditu Madrilek. Horren zati bat aste honetan 2017ko ekarpenaren ordainketan gutxiago pagatuta egingo da, eta beste zatia 2018ko lehen hiruhilekoaren ordainketan aplikatuko da.

Gainera, beste aldaketa batzuk ere ezarri dituzte. Nagusia da BEZ zergaren doikuntzak "sinplifikatu" direla. Era berean, zerga horren kontsumo indizea %1,68tik %1,76ra handitu da.

Zertan erabiliko den eta erronka berria

Nahiz eta Nafarroak orain 215 milioi euro gehiago izango dituen, Aranburuk eta Barkosek aurreratu dute legea "zorrotza" dela eta "tarte estua" uzten duela. Europaren aginduz ezarritako Espainiako Finantza Egonkortasunerako Legeak, zor eta defizit helburuekin batera, gastauaren araua ezarri du. Gastu baino diru sarrera handiagoak diren egoeretarako aplikatu behar da, eta egoera hori orain arte berria izan denez, orain hasi da Madril ezartzen. Hark behartzen du zati handiena zorra amortizatzeko erabili behar dela.

Hartara, Mikel Aranburu kontseilariak aipatu du diru soberakin hori zorra amortizatzeko, gutxiago zorpetzeko, altxortegia hobetzeko eta "finantza operazioren baterako" erabil daitekeela. 2018ko aurrekontua itxita dago, baina zehaztu du legeak ez duela uzten gastu arrunterako erabiltzen.

Etorkizunera begira, hitzarmen ekonomikoa berritzea izango da hurrengo erronka. Aranburuk azaldu duenez, kontzertu ekonomikoaren berritzea hartuko du oinarri, baina Nafarroa "proposamen berriak" egiten ahalegindu da. Ez du zehaztu zein. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.