Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak adierazi du ELAk astelehenean eginiko akusazioak aztertu egingo dituztela. Zehaztu du iazko jarduera batzuk salatu dituela sindikatuak, hau da, aurreko gobernuaren aldian jazo zirela. Barkosek nabarmendu du Nafarroako Enplegu Zerbitzua goitik behera aldatu nahi dutela.
ELAk egin zuen salaketa: "Ustez enplegu heziketara bideratutako zenbait hitzarmen UGTk eta CCOOk beren liberatu sindikalei ordaintzeko erabili dira zuzenean". ELAko Iñaki Zabaleta eta Mitxel Lakuntzaren arabera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez ordaintzen zieten, "sindikatu batenak diren berezko lanak egiteagatik". CCOOk erantzun du "faltsua" dela ELAren salaketa, eta berehalako zuzenketa egiteko eskatu dio.
ELAk azaldu duenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmenak baliatzen zituzten ordainketak egiteko. Berez, formakuntza eta berdintasuna bultzatzea da erakunde horren helburua, baina ELAk salatu du iaz sinatu zituzten lau hitzarmenetan (945.000 euro guztira) UGTren eta CCOOren liberatu batzuen soldatak ordaintzeko diru partidak daudela, batzuen kasuan soldata osoak ordaintzerainokoak, gainera.