Makroekonomia

Barne eskaerak, tiraka

Kontsumoaren hobekuntzak ekonomiaren hazkundea indartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Apiriletik ekainera batez ere familien kontsumoari esker handitu da barne eskaera. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2014ko irailaren 19a
22:33
Entzun

Ezaguna zen honezkero Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak urteko bigarren hiruhilekoan izan duen garapena. Urte arteko tasan %0,9 hazi da BPG barne produktu gordina, eta %0,4 hiruhilabete batetik bestera. Gaur datu hori sostengatu zuten emaitzen xehetasunak argitaratu ditu Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak.


Bigarren atzeraldiaren ondotik, oraindik ere susperraldia eskasa da. Haatik, hobekuntza gidatzen duten faktoreetan aldaketak badirela diote Eustaten datu eguneratuek. Atzeraldian barne eskaeraren murrizketak pisu handia izan zuen, eta soilik esportazioen ekarpenari esker erorketa arindu ohi zen. Faktore horiek aldatu dira. Apiriletik ekainera barne eskaera indartu da (%1) urte arteko tasan, batez ere familien kontsumoari esker (%1,4). Administrazioen kontsumoaren ekarpena ere aldekoa da urte arteko tasan (%0,5), baina, urteko lehen txanparekin alderatuz, erakunde publikoen kontsumoa berriro erori da (%4,7). Inbertsioak ere behera jarraitzen du, aurreko urtearekin alderatuz. Kanpo sektorearen ekarpena negatiboa izan da. Hots, inportazioek produktuen esportazioak gainditu dituzte, aspaldiko partez.

Nafarroan joera antzekoa da. Barne eskaerak lehen aldiz gora egin du apiriletik ekainera (%0,8). Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez bezala, ordea, kanpo sektoreak ere eusten dio igoerari (%1,3).

Eskaintzaren ikuspuntutik, aldaketa gutxi. Industriak (%0,7) eta zerbitzuek (%0,9) sostengatzen dute BPGaren igoera. Lehen sektorearen ekarpena ere handitu da, nabarmen (%7,7), baina kontuan hartu behar da sektore txikia eta oso aldakorra da, sasoiaren arabera. Krisia hasi zenetik gertatu den bazala, eraikuntzaren ekarpena da zamarik handiena: %1,4 erori da urte batetik bestera, eta %2,9 aurreko hiruhilekotik.


 

Herrialdeen hazkunde datua ere argitaratu du gaur Eustatek. Kontuan hartu behar da Nafarroaren hazkundea %1,6 izan dela urte arteko tasan, eta %0,6 hiruhilekoan. Beste herrialdeei dagokienez, Gipuzkoak ditu daturik onenak: %1,1 urte arteko tasan eta %0,4 hiruhilekoan. Bizkaiaren hazkundea urte batetik bestera %0,8 da (%0,4 hiruhileko tasan), eta Arabarena %0,7. Arabaren kasuan, hriuhilabete batetik bestera hazkundea hamarren bat baino ez da izan.

Enpleguari dagokionez, lehen hiruhilekoan baino 4.300 lanpostu gehiago zenbatu ditu Eustatek. Aurreko urtearekin alderatuz, ez dago ia alderik (528 lanpostu gehiago). Urte batetik bestera enpleguak gora egin du zerbitzuetan (%0,9) eta lehen sektorean (%0,7), baina jaitsi da industrian (-%1,8) eta eraikuntzan (-%2,7).

Udan ekonomiak izan duen garapenari buruzko aurrerapena datorren urriaren 29an argitaratuko du Eustatek. Bigarren atzeraldi luzearen ondoren, barne produktuak gora egin izan du azken bederatzi hilabeteotan. Haatik, euroguneko ekonomia ez aurrera ez atzera dago, eta horrek ondorioak izan ditzake aurrera begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.