Ekonomia. Hazkundearen mugak

Barraskiloa irakasle

Ekonomia etenik gabe hazteak ezin duela iraun diote deshazkundearen aldekoek, planetako baliabide mugatuak mugarik gabe erabiltzea eskatzen duelako horrek; kontsumoa gutxitzen hastea proposatzen dute

2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Esaten da animaliengandik ikasteko asko duela gizakiak. Eta ez da broma. Badira uste dutenak gizakiak barraskiloaren logika jarraitu behar lukeela, horrek mundu orekatuagoa eta bizimodu pausatuagoa ekarriko lukeelako. Izan ere, barraskiloa egoerari tamaina hartzen dakien animalia da. Bere oskolaren arkitektura konplexua eraikitzeko orduan, oso kontuan izaten ditu bere gorputzaren mugak. Oskolak ezin du txikiegia izan, baina ezta handiegia ere. Bizitzeko ezinbesteko zaiona sartzeko lekua izan behar du, baina ezin dio mugitzea galarazi. Eta, gezurra dirudien arren, gorputzaren eta oskolaren arteko oreka perfektua lortzen du beti.Barraskiloaren logika deitu zion horri Ivan Illich pentsalari austriarrak. Eta deshazkundearen aldeko mugimenduak ikurtzat hartu ditu bai barraskiloa eta bai haren logika. Gizakiak planetarekin barraskiloak oskolarekin egiten duena egin beharko lukeela uste baitu.

Ekonomiaren etenik gabeko hazkundeak ezin duela iraun diote deshazkundea defendatzen dutenek, esate baterako, Pedro Ugarte Deshazkundea Bilbo plataformako kideak. «Teoria oso sinplea da; hain sinplea, non zaila eta guzti egiten den azaltzea». Honako hau litzateke abiapuntua: planetak baliabide natural mugatuak baditu, ezin dira mugarik gabe kontsumitu; planetak birsortzeko duen gaitasuna baino bizkorrago kontsumitzen badira, amaitu egingo dira. Gaur egungo sistemaren logika, ordea, oso bestelakoa dela dio Ugartek. «Ekonomia etenik gabe haztea da helburua; horretarako, ezinbestekoak dira kontsumoa eta ekoizpena handitzea, eta ekoizpena eta kontsumoa handitzeko, ezinbestekoa da baliabide naturalak kontsumitzea. Inolako zentzurik ez duen gurpil zoro bat da».

Baieztapen horrekin ados egongo dira batzuk, desados besteak. Baina arrazoiaren parte bat duela ezin zaio ukatu Ugarteri. Izan ere, ekonomiak ezinbestean hazi egin behar duela dirudi. Eta azken bi urteotan garbi ikusi da hori. Krisiaren eraginez atzeraldian sartu ziren herrialdeek ez zuten bakerik izan berriz hazten hasi arte, eta gauza bera gertatu da munduko ekonomiarekin ere.

Desoreka handiak

Azken hogei urteotan, urteko batez beste %3,5 hazi da munduko ekonomia. Hazkunde hori, ordea, oso desorekatua izan da, eta, ondorioz, aberastasuna ere oso modu desorekatuan banatuta dago munduan. Iparralde aberatsean bizi dira planetako biztanleen %20 eta baliabide naturalen %80 baino gehiago haiek kontsumitzen dituzte. «Eta gainerako %80rentzat apurrak baino ez dira gelditzen», dio Lucio Tabarrek, deshazkundearen aldeko Nafarroako Bira Beste Aldera plataformako kideak. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko diferentziak egungo sistemak eragindakoak izaki, bidezkoena horiek ezabatzen saiatzea dela uste du Tabarrek. «Bizitzeko beste ez duten horiek ere duin bizitzeko behar dutena izan dezaten, gehiegi dugunok gure kontsumo material maila jaitsi beharra daukagu, ezinbestez».

Hego Amerikan duintasunaren marra deiturikoa erabiltzen dute bizi-maila neurtzeko, eta, Tabarren irudiko, neurgailu egokia izan liteke hori. «Kontua ez da pobrezia edo pobreziarik ez, baizik eta duintasuna. Duin bizitzea askoz ere subjektiboagoa da, eta neurgailu hori horregatik da gure ustez askoz ere errealagoa». Munduko biztanle guztiak marra horren parean egotea litzateke helburua. Marrara iristen ez direnek materialki hazten jarraitu beharko lukete, eta marratik gora daudenak murrizten hasi. «Baina ez dugu uste hazi behar duten horiek gure eredua jarraitu beharko luketenik. Gure erruetatik eta akatsetatik ikasi eta bestelako eredu bat garatzea litzateke egokiena». Batzuen hazkunde eta besteen deshazkunde horrek aberastasuna modu orekatuagoan banatuko luke munduan. «Behin guztiok marra horretara iritsita, oreka horri eustea litzateke helburua, ez murrizten jarraitzea».

Egungo logika apurtu

Baina dena ez da deshaztea. Energia berriztagarrietan, esaterako, hazten jarraitu behar dela uste du Tabarrek. «Plangintza egoki batekin, ordea. Guk ekonomiaren globalizazioaren aurrean, birlokalizazioa proposatzen dugu. Garraioa asko jaistea ekarriko luke horrek, eta, ondorioz, baita energiaren kontsumoa ere.

Deshazkundearen teoria hutsa azaltzea konplexua bada, praktika azaltzea are konplexuagoa dela dio Tabarrek. «Orain erabiltzen dugun logikarekin eta gure buruan ditugun balioak izanda, deshazkundearen gizartea ezinezkoa da, oso bestelako logika eskatzen duelako. Logika berri hori lortzeko lehendabiziko gauza da geure buruan balioak aldatzea, lehentasuna beste gauza batzuei ematea». Orain baliorik ematen ez zaien gauzak balioestera iristean eta orain sekulako balioa dutenak hutsal bihurtzean, ekonomia apaltzea zerbait egingarria izango dela uste du Tabarrek.

Bizimodu austeroagoa edo soilagoa egiteko erabakia hartzea litzateke hurrena.Eta esparru pertsonaletik haratago, kolektibitatea sustatzea litzateke beste gakoetako bat, Tabarren esanetan. «Gure gizarteak saltzen digun indibidualismoaren kontra, taldeari, kolektibitateari garrantzia eman, eta taldean lor daitezkeen gauzak hala lortzen saiatu». Hori bultzatzen duten ekimen ugari daude gaur egun indarrean: salmenta zuzena sustatzen duten kontsumitzaile elkarteak, denboraren bankuak, petrolioarekikomendekotasuna gutxitzeko helburua duten trantsizio hiriak... «Horrelako jarduera guztiak dira gizarte berri baten hazia, eta hori dena indartu behar da,zalantzarik gabe». Ekimen txikietatik hasi eta gizartean kontzientzia bat sortzea da deshazkundearen aldeko mugimenduaren helburua. «Errealitate bat sortzea, merkatuaren legeetatik kanpo hainbat eta hainbat behar bete daitezkeela erakutsiko duena».

Hazkunde iraunkorra, auzitan

Azken urteotan horrenbeste zabaldu den hazkunde iraunkorra kontzeptua kontraesan hutsa dela uste du Ugartek, «hazkundea bada, inoiz ez delako iraunkorra». Beatriz Plaza Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia irakasleak justu kontrakoa uste du. «Ekonomiaren hazkundea eta baliabide naturalei eustea bateragarriak izan daitezke, baldin eta energiaren kontsumoa gutxitzen bada».

Horretarako, baina, enpresek eta herrialdeek finantzetan oreka izatea ezinbestekoa dela uste du. «Ezin dute gastatu daukatena baino gehiago, eta, hain zuzen, hori da egungo arazorik handiena. Finantza oreka lortu behar da lehenik, horrek irabazien zati bat inbertitzea ahalbidetzen duelako. Garapen iraunkorra bermatzeko, teknologietan egin beharko litzateke inbertsio hori.Izan ere, teknologia da baliabide kopuru berarekin askoz gehiago ekoizteko bidea ematen duen tresna, eta horrek izan behar du helburua, lehiakortasuna handitzeak». Baina horretarako ere moduak eta moduak daudela dio, eta zentzuz jokatzea ezinbestekoa dela.«Lehiakortasuna handitu behar da, baina langileen eta gizakien eskubide guztiak errespetatuta».

Tabarrek justu kontrakoa pentsatzen du. «Lehiakortasuna handitzeak ezin du izan helburu, horrek ezinbestean baliabide natural gehiago kontsumitzea dakarrelako». Produkzioa handitu beharrean, dagoen lana banatzea da bidea haren irudiko. «Dagoenarekin nahikoa badugu, zergatik ekoitzi gehiago? Askoz hobea litzateke dagoena banatzea, horrek soldaten jaitsiera proportzionala ekarriko balu ere». Langabeziari aurre egiteko modu bakarra ere horixe dela uste dute deshazkundearen defendatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.