San Mames Barriari jarri diote lehen harria, eta krisi garaian erakunde publikoek 121 milioi euro jarri behar dituztelako gutxi batzuk baino ez proiektua zalantzan jarri izana harrigarria den bezala, harrigarritzat jo beharko dugu burtsek azkenaldiko galerak gerarazi izana. Haatik, Madrilgo Ibex-35ak ez du goranzko joera baten lehen harririk jarri. Gehienez ere, azken asteetan beherantz bultzatu duen euroarekiko eta finantza sistemarekiko mesfidantzaren zama arindu eta eguna 9.000 puntutik gora amaitu du.Bezperan Wall Streetek izandako erreboteak lagunduta, goiza %3ko igoera batekin hasi du, baina Nazioarteko Diru Funtsak zor publikoaren gaineko arriskuaz ohartarazi ahala euforia desagertu da, eta %0,42ko igoerarekin konformatu behar izan du. Atzoko jarduera azken egunotan akzioen azokan dagoen giro gorabeheratsuaren erakusgarri da. Europako beste indizeetan igoera handiagoak izan dira: Parisko CAC 40 %2,3 eta Londresko FTSE-100 %2.
ACS. Iberdrolak (+%1,49) erasora jo du, eta ACS bere akziodun zein arerio nagusiaren (+%0,67) aurka salaketa jarri du. Uste du ACSk kontabilitate arauak ez dituela bete eta 2009ko kontuek ez dutela egungo ondasuna zein finantza egoera behar bezala islatu.
Telefonica. Hordagoa bota dio Portugal Telecomi. Telefonia mugikorreko Vivo konpainian duen partaidetza saltzen ez badu PTk, bere gaineko erosteko eskaintza oldarkorrak egiteko prest dela azaldu du Telefonicak (-%0,17).
Barria eta harria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu